Azpeitiko hamabi dantzarik parte hartuko dute 42. Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 14:25
LarraƱagak eta Amubietan hirugarren saria eskuratu zuten iaz Seguran.

Zapatuan izango da txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan, 18:00etan hasita. Maite Beobide, Mikel Subinas, Elaia Elorza, German Aranburu, Enara Arrizabalaga, Gorka Kerejeta, Laura Bastida, Ekain Uzkudun, Larraitz Larrañaga, Amets Amubieta, Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo azpeitiarrek parte hartuko dute lehian. Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko ditu.

Zapatuan izango da dantza sueltoaren munduan hain entzutetsua den helduen Segurako txapelketa. Aurtengoa Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 42. edizioa izango da, eta Azpeitiko hamabi dantzarik parte hartuko dute bertan. Baratze pilotalekuan izango da lehia, 18:00etan hasita, eta honako bikote hauek parte hartuko dute bertan: Idoia Besada eta Xabier Artola (Pasaia-Irura); Maite Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia); Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia); Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia); Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara); Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia); Sara Chaves eta Gorka Etxeandia (Gasteiz); Oihana Dottax eta Pierre Latasa (Ainhoa-Urruña); Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia); Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi); Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo); Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia); Ane Urruzola eta Iker Sanz (Villabona-Lezo); eta Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia).

Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko ditu, zuzeneko musikaz lagunduta, eta hainbat sari banatuko dute dantzariek lanak bukatzean. Besteak beste, irabazleek Nestor Basterretxearen eskultura jasoko dute, baita zapia, txapela eta diru saria ere; bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek ere jasoko dituzte sariak, eta Gipuzkoako bikote onenaren saria, lehen aldiz aurkeztu den bikote onenaren Guillermo Areizaga saria edota jantzi onenaren saria ere banatuko dituzte.

Iaz hirugarren sailkatu ziren Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrak Segurolako txapelketan. Aldizkariaren 209. zenbakian, urrikoan, Larrañagarekin eta Amubietarekin osatutako erreportajea argitaratu du Uztarriak, eta datozen egunetan izango da irakurgai webgune honetan. Izan ere, bi dantzariek hainbat txapelketa irabazi dute aurten.