Argia ikusi du 'Käffka' antzezlanak

Erika Olaizola azpeitiarrak eta Miren eta Amancay Gaztañagak osatzen duten Kamikaz Kolektiboak atzo, asteazkena, aurkeztu zuen jendaurrean sortu berri duen Käffka antzezlana. Taldeak Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen lanaren aurrestreinaldia, eta bi emakumeren arteko maitasun harremana ardatz duen istorioa ikusteko aukera izan zuten han elkartutakoek. 

Kamikaz Kolektiboak Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen enkarguz sortu du antzezlana. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei eta haiekin bizi diren helduei zuzendutako obra da Käffka, eta lesbianismoa eta sexu askatasuna ikusgarri egitea du helburu. Olaizolak eta Amancay Gaztañagak zuzenduta, Iraia Eliasek, Mikel Ibargurenek, Edurne Azkaratek, Amaia Irazabalek eta Oier Guillanek taularatu dute obra. Proiektua aurrera eramateko, berriz, finantza kolektiboa abian dute joan den hileaz geroztik www.goteo.org atarian.

(Argazkia: Gehitu elkartea)

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide