Txintxu gozotegia, Donostiako Gastronomika kongresuan

Uztarria.eus 2018ko urr. 9a, 21:05

Sukaldarien eta gastronomiaren zale direnen elkargune da egunotan Donostiako Kursaala. Izan ere, atzotik Donostiako Gastronomika kongresua egiten ari dira bertan. Biltzarrean izan da gaur, asteartea, Azpeitiko Txintxu gozotegiko Iñigo Odriozola gozogilea.

Odriozola Giargo Gipuzkoako artisau gozogileen elkarteko zenbait kiderekin batera izan da Kursaalean, elkarteko kideek etxean egiten dituzten gozoak aurkezten. Gaur egun, Gipuzkoako 19 gozotegik osatzen dute Giargo elkartea, eta horien artean daude Azpeitiko Txintxu eta Egaña gozotegiak.

Atzo hasi zen Donostiako Gastronomika kongresua, eta bihar, asteazkena, itxiko ditu ateak. Hiru egunez, sukaldaritzari lotutako denetariko ekintzak egin ohi dituzte bertan, hala nola tailerrak, lehiaketak zein ikastaroak. Aurten 20 urte bete ditu Donostiako Gastronomikak, eta urte horietan guztietan nahiz gaur egun abangoardian aritu diren sukaldariak bildu nahi izan dituzte aurtengo edizioan.

Argazkia: Iñigo Odriozola (ezkerrean), Gipuzkoako artisau gozogileen elkarteko lagunekin, Donostiako Kursaalean. (Txintxu gozotegia)