Xabier Zalduak jantzi du txapela zezen plaza ikuskizunez bete duen euskal pentatloian

Uztarria.eus 2018ko ira. 30a, 12:23
Zaldua txapela jantzita, lehiakideek inguratuta, sari banaketaren ondoren bostek atera zuten argazkian.

Zumarragakoa hasi eta bukatu nagusitu zen atzo gauean jokatutako txapelketan. Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra, boskoteko gazteena, azkena izan zen. Haren osaba Xabier Orbegozo Arria V.ak ez zuen lehian parte hartu, min hartuta.

Azpeitiko zezen plazak betekada ederra hartu zuen atzo gauean. 28 urte eta gero, Euskal Pentatloi Txapelketa jokatzeko hitzordua egina zuten bost kirolarik, eta argi geratu zen hitzordu horrek piztu zuela ikusmina, gorabeherak gorabehera. Izan ere, ekainean aurkeztu zutenean zazpiren artekoa izatekoa zen txapelketa; hasierako zazpikotetik erori ziren, lesioak medio, Maiza eta Txikon, eta bidean zerrendan sartu zen Aratz Mugertza; seiren arteko lehia izatekoa zena, berriz, boskotera murriztu zen azken orduan, Xabier Orbegozo Arria V.aren bajarekin.

Gaueko hamarrak ez dira, inola ere, herri kirol jaialdientzako ohiko ordutegia, baina atzoko esperimentuak emaitza onak eman zituela esan daiteke. Euskal Telebistak zuzenean eman zuen Azpeitiko lehia, baliabide asko eta tartean berritzaileak ere erabili ziituen horretarako, eta plazan zein telebistaren aurrean elkartutako ikusleek giroaz gozatzeko parada izan zuten.

Zaldua, nagusitasunez

Lehiari dagokionez, bi txandatan banatuta aritu ziren kirolariak. Xabier Zaldua, Luis Txapartegi eta Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra aritu ziren nor baino nor aurrenekoan, eta Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a bigarrenean. 100 kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkioten lehiakideek lehen proban, giza proban bi plaza osatu ondoren, aizkoran kanaerdiko hiruna enbor moztu gero, 50na kiloko txingekin sei plaza bete, eta bukatzeko, 3 kilometroko korrika saioa.

Txapela lehen txandan erabaki zen. Zaldua azkarrena izan zen harriari 25 altxaldiak ematen, eta hortik amaieraraino ez zuen lehiaren burua galdu. 36 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Zumarragakoak pentatloiaren lan guztiak bukatzeko. Lau minutu pasako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Txapartegi aizarnarrari (40:33); Txapartegik ez zuen hasiera ona izan, harri jasotzean hiruzpalau altxaldi txartzat eman baizizkioten epaileek, baina maila onean aritu zen gainerako probetan, hasieratik eta tarteka eskuin iztarraren atzekaldeari kolpeka ibili arren, minen bat-edo nabarituta. Bi lehiakide beteranoenen ondoren, pentatloirako izena azkena emandako Mugertza III.arentzat izan zen hirugarren postua (49:47); Mutrikukoarentzat izan zen, ordea, 80 kilotik azpiko lehiakideentzat banatu zuten saria.

Laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Zelai V.a (54:32) eta Arria VI.a (55:57), bi lehiakide gazteenak. Asko sufritu zuela aitortu zuen bukaeran Azpiazuk, "etxean baino okerrago egin dut". Baina, gorputzari buelta emanda, pozik zegoen azpeitiar gaztea txapelketa bukatu ondoren. Lagunek irabazi balu bezala eskertu eta zoriondu zuten; haien artean zegoen bezperan Izarraitzen debutatu zuen Jon Alberdi pilotaria.

Zezen plazako ikusleen artean lehengo eta egungoo herri kirolari ezagun asko elkartu ziren; tartean, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan jokatu ziren pentatloietan txapelak jantzitako Jose Inazio Orbegozo Arria II.a, Anjel Arrospide eta Joxe Mari Olasagasti. Hirurek parte hartu zuten jaialdia borobildu zuen sari banaketan.