Errepideko istripuen prebentziorako Bizitzaz Blai egitasmoaren bigarren edizioa urrian hasiko da

Uztarria.eus 2018ko ira. 27a, 13:47
Iaz 'Bizitzaz Blai'-ren Soreasuko saioan parte hartu zuten lagunak.

Iaz bezala, herriko ikasleekin lanketa egingo dute, baina aurten "indar berezia" jarri nahi du Udalak gurasoen sentsibilizazioan. Horrela, urriaren 5ean egingo dute Soreasun istripu baten irudikapenean eta ondorioetan oinarritutako saioa, bereziki ikasleei zuzendua; eta urriaren 18an gurasoei zuzendutako saio berezia, Baigeran. Jarduera batean zein bestean parte hartu nahi dutenek urriaren 3rako eman behar dute izena.

Bizitzaz Blai egitasmoaren bigarren edizioa prest du Azpeitiko Udalak. Abiaduraren arriskuez jabetzeko eta errepideko istripuen prebentziorako gazteei zuzendutako kanpaina 2017ko udaberrian egin zuten lehen aldiz, Errezilgo Udalak aurretik irekitako bideari jarraituz, eta aurten urrian iritsiko da. "Iaz, 14 eta 18 urte bitarteko eskualdeko ikasleen artean hasi genuen sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuaren balorazio oso positiboa egin genuen. Lehen pauso garrantzitsua izan zen guretzat, eta aurten ere lanketa egiteko prest gara", adierazi du Estitxu Elduaien Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Aurten ere adin tarte bereko 400 bat ikasleri zuzendutako ikastaroa egingo dute ikastetxeetan, baina gurasoekin ere lanketa berezia segin nahi dute bigarren edizio honetan. "Aurten indar bereziak jarriko ditugu ikastetxeen bidez bultzatutako lanketaz gain gurasoekin egin nahi dugun sentsibilizazioan", azpimarratu du Elduaienek.

Horrenbestez, bi zatitan banatu dute egitasmoa, bereziki ikasleei zuzendutakoa bata eta gurasoei zuzendutakoa bestea, eta saio ireki bana antolatu dute. Urriaren 5ean, iaz egindakoaren bidetik, istripu bat eta bere ondorioak taularatuko dituzte Soreasu antzokian, row show deritzon formatuan, 09:00etatik 11:00etara. Saio horretan, besteak beste, istripuen biktimen lekukotasunak entzungo dituzte ikasleek, bereziki haientzat prestatuta baitago hitzordua; ondoren, ikastetxeetan jarraituko dute gaia lantzen, Harremanak hezkuntza elkartearen teknikariekin. Dena den, urriaren 5eko saioa irekia izango da eta gurasoak ere animatu nahi dituzte parte hartzera. Izan ere, urriaren 8rako beste saio bat prestatu dute, gurasoentzat, gaiaren gainean izan ditzaketen galderak eta zalantzak argitzeko; Harremanak elkartekoek gidatuko dute saio hori ere, Baigerako goiko solairuan, 18:30etik 20:00etara.

Izen emateak, urriaren 3a baino lehen

Bai jarduera batean bai bestean parte hartu nahi dutenek, urriaren 3a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako hiru bide jarri ditu aukeran Udalak: ikastaroak@azpeitia.eus e-posta helbidera idaztea, Gizarte Zerbitzuetako bulegoetara joatea edo 943 15 71 92 telefonora deitzea.