Aritz Azpiazu 'Arria VI'.a: "Pentatloia izango da nire lehendabiziko lehiaketa herri kiroletan"

Aritz Azpiazu 'Arria VI'.a.

19 urte betetzen ditu gaur Arria II.aren biloba eta Arria V.aren iloba denak. Aizkoran hasiberria, lehiaketetan esperientziarik gabea, Euskal Pentatloi Txapelketa jokatuko du etzi Azpeitian.

Zapaturako pronto?

Bai. Uda guztia eman dugu zapatukoa prestatzen. Entrenamendu batzuk hobeak eta beste batzuk txarragoak egin ditugu, baina uste dut prest gaudela.

Noiztik ari zara prestatzen pentatloirako?

Orain dela hiru bat hilabete, osaba-eta ikusten nituen entrenatzen. Probatu behar nuela pentsatu, eta horrela egin nuen. Moldatu nintzen, eta aurrera.

Nola prestatzen da horrelako proba bat?

Entrenamendu asko eginda. Ni aizkoran ibilita nengoen, baina harri jasotzen inoiz ez horrela, behar bezala. Horregatik, harri jasotzen astean bi entrenamendu saio egiten aritu naiz, horretan saiatu naiz gehien. Azkenean, dena konbinatu behar duzu: aizkora, harri jasotzea, korrika, txingak... denak entrenatu behar dituzu. Astean bi edo hiru saio konpleto samarrak eginez ibili naiz, denetik pixka bat egiten, ahal zen moduan.

Gogorra egin al zaizu?

Bai. Izan ere, alde handia dago, kirol modalitate bakarra lantzetik, bat-batean beste lau sartu behar izatera. Baina moldatu naiz, pixkanaka.

Espero zenuena baino errazagoa ala zailagoa egin zaizu bost jarduerak tartekatzea?

Harri jasotzea kenduta, beste guztiak espero nuen bezala prestatu ditut. Harri jasotzearekin gorabehera handiagoak eduki ditut, baina azkenean nahikoa gustura gelditu naiz. Hasieran, Errezilgo gure baserrian egiten genituen entrenamendu saioak. Baina azken bi hilabeteetan Izeta harri jasotzailearekin ari gara entrenatzen, Zarautzen. Mutil garaia naiz, eta kilo askoduna ez, eta harri jasotze lanak ez dira  egiten nire gorputz klaserako. Hortxe saiatu behar izan naiz gehien, teknika aldetik eta; eta dakien batekin arituta, askoz gehiago ikasten da.

Hasi berri duzun kirol ibilbideko erronka handiena izango da zuretzat pentatloia.

Bai, noski. Orain arte, herri kiroletan txapelketa bakar batean ere ez naiz lehiatu; aizkoran pare bat erakustalditan parte hartu dut. Aurretik triatloiak egiten nituen, eta batik bat, bizikletan ibiltzen nintzen, baina pentatloia izango da herri kiroletako nire lehendabiziko lehiaketa herri kiroletan.

Irakurri elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Seikotea Euskal Pentatloi Txapelketaren bila

Hogeita zortzi urte eta gero, Euskal Pentatloi Txapelketa berreskuratua jokatuko dute etzi Azpeitiko zezen plazan, eta ezohiko ordutegiarekin: gauez jokatuko dute, 22:00etan hasita.

Ekainean aurkeztu zutenean, zazpi kirolari zeuden pentatloiaren parte hartzaileen zerrendan, baina aldaketak izan dira hasierako zerrendarekiko. Alex Txikon lemoarra eta Jon Ander Maiza andoaindarra baja izan dira, arazo fisikoak tarteko, baina Aratz Mugertza Mugertza III.a gehitu zaio lehiari. Horrela, sei izango dira herri kirolari konpletoenaren txapelaren bila ariko direnak: Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil), Aritz Azpiazu Arria VI.a (Azpeitia), Luis Txapartegi (Aizarna), Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia), Xabier Zaldua (Zumarraga) eta aipatutako Mugertza (Mutriku).

25 aldiz 100 kiloko bola jasotzea; gizon proban bi plaza osatzea, 400 kiloko harriarekin; kanaerdiko hiru enbor moztea; 50na kiloko txingekin sei plaza osatzea; eta 3 kilometroko korrika saioa dira pentatloia osatzeko bete beharko dituzten lanak. 1990ean jokatu zuten azken aldiz euskal pentatloia, eta Joxe Mari Olasagastik irabazi zuen. Igeldokoa da txapel gehien dituena, 1983an eta 1984an ere irabazi baitzituen.

Zapatuko jaialdirako sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Azpeitiko Landetako Mendizabal tabernan, 20 euroren truke. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, zezen plazako leihatilan. Azpeitiko Udalak, berriz, bi sarrera bikoitz zokatuko ditu zezen plazako ikuskizunerako.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide