Karmele Zabaleta: "Stock Azokarekin herritarrei gogorarazi nahi diegu hemen gaudela"

Uztarria.eus 2018ko ira. 20a, 20:44
Karmele Zabaleta, Bertaneko lehendakaria, Koket dendan. (Maialen Etxaniz)

Bertan merkatari elkartearen Stock Azoka izango da datorren asteburuan, hilak 21 eta 22, Azpeitian. Elkarteko 37 saltokik askotariko produktuak jarriko dituzte egun horietan salgai, hala nola arropa, oinetakoak, bitxiak, osagarriak eta etxerako tresnak. Azoka Plaza izango da puntu nagusia, baina Erdikaleko eta Jose Artetxe kaleko hainbat saltokik ere atarira aterako dituzte beren eskaintzak. Stock Azokara bertaratzen diren herritarrek "izugarrizko pagotxak" aurkituko dituztela aurreratu du Karmele Zabaleta Bertaneko lehendakariak. 

Stock Azokaren atarian, nola aurkitzen dira Bertaneko merkatariak?

Azken unean prestaketa asko egin behar izaten ditugu, eta lanez gainezka gaude. Gainera, data hauetan denboraldi aldaketa izaten da saltokietan, eta merkatari gehienak, batez ere moda arloan aritzen direnak, eskatutako salgaiak jasotzen ari dira egunotan. Lanak pilatuta ditugu.   

Zer topatuko dute herritarrek aurtengo azokan?

Denetarik. Orotara, 37 saltokik jarriko dute postua aurten, eta aukera zabala egongo da erosketak egiteko: arropa, oinetakoak, bitxiak, osagarriak, etxerako tresnak, umeentzako jostailu eta arropa, barruko arropa... Horrez gain, aurten, Elikaguneko taberna izango dugu lagun. Bertaneko bazkide da Elikagunea, eta elkarlanean borobilduko dugu Stock Azoka. Izan ere, guretzat babes garrantzitsua da taberna. Aisiaren bueltan, Azoka Plaza girotzeko baliagarri izango da Elikagunea.

Berrikuntzarik ba al dago?

Iazko Stock Azoka egitasmoaren ibilbidean inflexio puntua izan zen, nolabait. Urteetan zehar lekuz aldatzen aritu gara, eta toki ezberdinetan jarri behar izan dugu Stock Azoka. Azoka Plazako obrak hasi zirenean, izarraitz pilotalekura lekualdatu behar izan genuen azoka; beste urte batean, berriz, Alberdieneako aparkalekuan jarri genituen postuak. Iazko irailerako bukatuta zegoen Azoka Plaza berria, eta horri esker plazara itzuli ginen. Espazio berria inauguratu ez ezik, egitasmoaren irudia aldatu genuen iaz. Aurtengo Stock Azoka joan zen urtekoaren jarraipena da. Badaude berrikuntza txiki batzuk, Elikaguneko tabernarena kasu. Ostiralerako eta zapaturako prestatu dugun egitaraua ere oparoagoa da iazkoarekin alderatuta, ekintza gehiago antolatu baititugu.  

Beraz, inflexio puntua izan zen iazkoa. Zer balorazio egin zenuten orduan?

Oso balorazio ona egin genuen. Merkatariak oso gustura gelditu ginen, oro har. Jende asko ibili zen azokan, eta giro ederra sortu zen egitasmoaren bueltan. Aurten, iaz identifikatu genituen puntu ahulak zuzentzen saiatuko gara. Beste urte batez, Stock Azoka oso ondo irtengo delakoan gaude.

Bertaneko merkatariontzat hitzordu berezia eta garrantzitsua da Stock Azoka. Zergatik?

Atzera geratu zaizkigun produktuak ateratzeko aukera ematen digu Stock Azokak, baina guretzat egitasmoa hori baino askoz gehiago da. Iruditzen zaigu urtean zehar herritarrek –betiko bezeroak salbu– ahaztuta izaten gaituztela. Stock Azokarekin herritarrei gogorazi nahi diegu hemen gaudela. Kalera irtetea garrantzitsua da merkatariontzat, eta are gehiago denok batera irtetea. Horregatik, denetariko ekintzak antolatzen ditugu, herritarrek ikus dezaten aktibo gaudela, herrira begira gauzak antolatzen ditugula, herriari bizia emanez.

Zergatik hurbildu behar lukete herritarrek asteburuan Stock Azokara? 

Alde batetik, izugarrizko pagotxak egongo direlako; eskaintza oso onak aurkituko dituzte, eta, bestetik, egitarau polita antolatu dugulako. Aurten, adin guztietako herritarrekin pentsatuta prestatu ditugu aisiari lotutako ekintzak, eta giro paregabea sortuko delakoan gaude. Horregatik, Bertaneko kideok dei egin nahi diegu herritarrei nahiz kanpoko lagunei Stock Azokara etor daitezen.

Mezu bat herritarrei: 

Bertan merkatari elkartearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiet Stock Azokara bertaratuko diren herritarrei nahiz egunerokotasunean gure saltokiei bizia ematen dieten bezeroei. Eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkiot Azpeitiko Udalari erakutsitako babesarengatik eta emandako laguntzarengatik; merkatariok behar ditugulako erakundeak. Beraiek gabe inor ez gara. 

Azokaren inguruko xehetasunak

Ostiralean, arratsaldez zabalduko ditu ateak Stock Azokak, 16:00etatik 21:00etara. Larunbatean, aldiz, goiz eta arratsalde egongo da irekita: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. 

Ostiral arratsaldean, 16:00etatik aurrera, haur eta gazteentzako puzgarriak eta jolasak izango dira plazan. Horrez gain, Stock Azokan erosketak egiteagatik pintxoak doan eskuratzeko parada izango dute herritarrek. Zapatuan, aldiz, haurrentzako tailerrak izango dira Plaza Txikian, 17:00etan hasita. Jarraian, 18:00etan, herritar guztiei zuzendutako DJ festa hasiko da plazan. 

Zozketa bat ere izango da ekimen honen bueltan. Azpeitiko etxe guztietara banatuko dira Stock Azokaren inguruko informazioa emateko esku-orriak. Horiek 100 euroko hiru erosketa bonoren zozketan sartzeko aukera emango dute. Zozketan parte hartzeko, esku-orrietan eskatutako datuak bete beharko dira, eta ondoren, asteburuan Azoka Plazan jarriko den kutxa batean sartu beharko dira. Stock Azoka amaitzean, zapatuko 21:00ak aldera, egingo du zozketa Bertanek, eta orduan jakinaraziko dira irabazleen izenak.