Herri hezitzaileaz eta eskola herritarraz formazio saioa jaso dute irakasleek

Azpeitiko ikastetxe guztietako dozenaka irakasle elkartu ziren atzo Soreasu antzokian, herri hezitzaileaz eta eskola herritarraz jarduteko eta filosofia horretan sakontzeko. Udalak Hezkuntza Mahaiaren bidez antolatutako saioan, Amaia Etxabe OinHerriko kideak herri hezitzaileen filosofiaren oinarriak izan zituen hizpide; eta Nora Salbotxek, Baztango herri hezitzaileko kidea eta NUPeko irakasleak, eskolako curriculum zurruna eta herri hezitzaileen filosofia Baztanen nola uztartzen dituzten azaldu zuen.

Atzoko saioarekin, "orain arte herriko eragileekin elkarlanean eta Udala bera egiten ari zen baloreen inguruko gogoetari hirugarren eragilea batu" diotela azaldu du Udalak: hezkuntza formalarena. Hezkuntza, udala eta herrigintza dira, hain zuzen ere, herri hezitzailea egitasmoaren oinarrian jartzen dituzten hiru ardatzak.

Josu Labaka zinegotziak atzoko jardunaldiaren agurrean azaldu zuenez, Azpeitiko Udala "Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra filosofia Azpeitian txertatzeko bitarteko eta baliabideak jartzeko prest" dago, eta lan horretan ikastetxeek dituzten beharrak udalera zuzentzeko dei egin zien irakasleei. Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxeak, bere aldetik, aurtengo ikasturtean bertan martxan jartzeko proiektu proposamena ere egin zien herriko ikastetxeei.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide