Ekaitza dela eta, bertan behera gelditu da Ehunmilak ultra traila

Uztarria.eus 2018ko uzt. 14a, 11:35

Ehunmilak, G2Haundiak eta Marimurumendi mendi lasterketetak jokatzekoak ziren asteburuan, baina bart gaueko ekaitzak hankaz gora jarri zuen proben antolakuntza guztia. Izan ere, trumoiek eta tximistek eragiten duten arriskua dela eta, bertan behera gelditu ziren Ehunmilak eta G2Haundiak probak. Ehunmilak proba eskualdetik igarotzekoa zen, baina korrikalariek ez zuten egitekoak ziren ibilbidea osatu.

18:00etan hasi zen lasterketa Beasainen, eta Xoxotetik behera jaitsiz, 23:50 aldera iritsi ziren parte hartzaile azkarrenak Azpeitira. Azoka Plazan jarritako kontrolgunera iritsi ziren kirolariak, eta gaur goizeko 07:45 aldera arte iristen jarraitu dute parte hartzaileek. Kirolariek Azpeititik Arauntza aldera jarraitu behar zuten berez bidea, baina eguraldia dela eta, ez dira Azoka Plazako kontrolgunetik atera.

168 kilometro eta 22.000 metroko desnibel metatua ditu Ehunmilak probak, eta inguruko tontorrik adierazgarrienetakoak igotzekoak ziren korrikalariak: besteak beste, Aizkorri, Txindoki, Ganbo, Irimo, Erlo eta Ernio. 473 korrikalari ziren parte hartzekoak aurtengo proban, eta horien artean ziren Azpeitiko hainbat kirolari: Ugaitz Agirregomezkorta, Pedro Maria Aizpuru, Joxelu Albizuri, Aitor Cordoba, Ibon Lazkano, Artzai Ostolaza eta Jone Urkizu, hain zuzen ere.

Azpeitiko Azoka Plazan jende ugari bildu zen atzo gauean. Hona hemen han hartutako irudi batzuk: