Sufrimenduari izen-abizenak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 5a, 19:20
Alaitz Aguado, Mertxe Urtuzaga eta Manoli Uranga.

1960tik 2017ra bitartean Azpeitian izan diren giza eskubideen urraketak bildu ditu Aranzadik liburu batean, udalak bultzatuta. 250 urraketa eta 177 biktima zenbatu dituzte ikerketa prozesuan.

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko, beste pauso bat eman dute Azpeitian. Hain zuzen ere, Azpeitiko Udalak bultzatuta, 1960tik gaur egunera arte Azpeitian gertatu diren giza eskubideen urraketak jasotzen dituen liburua kaleratu du Aranzadi zientzia elkarteak. Honako hau da argitalpenaren izenburua: Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitian eta azpeitiarrei gertatuak. Atzo iluntzean aurkeztu zuten lana udaletxeko bosgarren solairuan, eta leporaino bete zen aretoa.

Xumea bezain hunkigarria izan zen ekitaldia. Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialari eta liburuaren egileak, Paco Etxeberria EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak, Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedradunak, frankismo garaitik gaur egunera arte Azpeitian izan diren alkateek eta Eñaut Elorrieta abeslariak parte hartu zuten ekitaldian. Horiez gain, giza eskubide urraketak bizi izan dituzten Mertxe Urtuzaga eta Manoli Uranga herritarrek ere hartu zuten hitza.

Memoria historikoa lantzerakoan, sarritan, errazagoa egiten zaio jendeari 36ko gerraren ondorioez hitz egitea, iragan hurbilagoko sufrimenduak kontatzea baino. Baina ez dira gutxi 1960. hamarkadaz geroztik Azpeitian  giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritarrak: 1960tik 2017ra bitartean, zehazki, 250 eskubide urraketa izan dira Azpeitian, eta, gutxienez, 177 biktima daude herrian.

Landaren arabera, liburuak "ahalegin zintzoa" egiten du indarkeria politiko guztien inguruko informazioa emateko. Izan ere, haren arabera, giza eskubideen urraketek indarkeria politikoa dute oinarrian. Indarkeria kasuen aurrean "bakoitzak bereari begiratzeko joera" izan duela nabarmendu zuen, baina, haren iritziz, "berdintasun printzipioa" aplikatu beharra dago: "Urraketa guztiak berdin tratatu behar dira, seriotasunez".

Paco Etxeberriak biktimez hitz egin zuen: "Haien beldurrik handiena da ahanzturara igaroko direla eta ez dietela aitortza ekitaldirik egingo. Eta gauzak aitortzen ez badira, ez dira gainditzen. Testuinguru horretan kokatzen da liburu hau. Askotan, badirudi erakundeek ez dutela memoriarik, memoria pertsonek soilik dutela, eta Azpeitiko Udalak horrelako lan bat egitea sekulakoa iruditzen zait". Horrez gain, memoria lantzerakoan, "neutralak" ez direla azpimarratu zuen: "Ez gara neutralak, objektiboak eta inpartzialak bai, baina neutralak ezin gara izan giza eskubideen urraketen aurrean".

177 biktima, gutxienez
Memoria historikoa lantzeko argitara emandako aurreko liburuak bezala, azken lana ere Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak osatu du, eta berak, besteak beste, liburuan biltzen denaren inguruko hainbat datu plazaratu zituen. Hark azaldu zuenez, identifikatutako 250 giza eskubide urraketak sei kategoriatan bereizi dituzte: bizitzarako eskubidea urratu diete 11 laguni; osotasun fisikoa, psikikoa eta morala beste 109 pertsonari –tortura salaketak, atentatuak eta enpresaburuen bahiketak daude atal horretan, besteak beste–; 20 pertsonak mehatxu larriak jasan dituzte, eta horiez gain, 25 pertsonak bizkartzainak eraman behar izan dituzte; 7 lagunek jasan dute estortsio ekonomikoa; motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak ere izan dira; eta beste urraketa batzuen artean jaso dute iheslariek eta dispertsioaren ondorioak jasan dituzten presoek pairatutako sufrimendua.

Bucesek helburu nagusi bat izan du liburua osatzerakoan: "Inor ez ahaztea". Haren arabera, ikerketa lana "tresna garrantzitsua" izango da Azpeitian eta azpeitiarren aurka azken urteetan zer gertatu den jakiteko. "Ziurrenik, herritar askorentzat liburu hau gogorra izango da. Gogorra da sufrimenduz beteta dagoelako, baina nire ustez, beharrezkoa da. Primo Leviren hitzetan, ‘ulertzea ezinezkoa bada, ezagutzea beharrezkoa da’".

Giza eskubideen urraketak salatzeko mila modu daude, eta Eñaut Elorrietak musika baliatzen du horretarako. Ekitaldian izan zen kantaria ere, eta hiru abesti eskaini zituen.

Ondoren, frankismo garaitik gaur egunera arte Azpeitiak izan dituen bost alkateek –Luxiano Lazkanok, Joxe Mari Bastidak, Julian Eizmendik, Iñaki Errazkinek eta Eneko Etxeberriak– sinatutako adierazpena irakurri zuten Etxeberriak, Eizmendik eta Errazkinek. Besteak beste, honakoa adierazi zuten: "Azpeitia indarkeria handia jasan duen herria da. Indarkeria horren ondorioak larriak izan dira, eta, oraindik ere, askok eta askok, ez dute merezi duten aitortza eta babesa jaso. Izen-abizenak dituzten herritarrak dira, eta, guztiei, edozein izanda ere jasan duten indarkeria mota, gure aitortza egitea nahiko genieke".

Giza eskubideen urraketak beren azalean bizi izan dituztenek ere hartu zuten hitza ekitaldian. Mertxe Urtuzagak, Angel Otaegi zenaren lehengusuak, nabarmendu zuen Angel Otaegi hil zutenetik 43 urte igaro direnean, "oraindik hilketaren arduradunak identifikatu gabe" daudela eta "urrun" dagoela justizia. Manoli Uranga PSE-EEko zinegotzi izandakoak–haren ordez bere alaba Alaitz Aguadok hitz egin zuen– bizitako sufrimendua izan zuen hizpide: "Zinegotzi izan nintzen urteetan mehatxuak eta etxearen edo autoaren kontrako erasoak jasan nituen, eta bizkartzaina izan dut bidelagun hamar urtez".

Amaitzeko, agurra dantzatu zuten bi dantzarik, biktima guztiei eskainita.