Sammic enpresako langileek elkarretaratzea egin dute plazan

Gaur, asteazkena, ere greba eguna dute Sammic enpresako langileek, eta dozenaka beharginek elkarretaratzea egin dute eguerdian Azpeitiko plazan, Sammic hitzarmen duin baten alde lelopean. Orain arteko hiru greba egunetako gisan, Basarte industriaguneko lantegiaren aurrean izan dira langileak goizean, eta kotxe karabana ere egin dute. Lehengo astean bi greba egun egin zituzten, eta aste honetan hiru egingo dituzte: atzo, gaur eta bihar. "Oraingoz berririk ez" dagoenez, mobilizazioei eutsiko diete langileek, eta bihar elkarretaratzea egingo dute Azkoitiko plazan, 12:00etan hasita.

Hitzarmen duin baten alde ari dira protestan Sammic-eko langileak azken egunotan; izan ere, aurretik zuten hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen. Aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion langileen batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari, baina ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. Hitzarmenaz hitz egiteko eta hori negoziatzeko prest daudela adierazi dute Langileen Batzordeko kideek, baina enpresak langileen proposamenak inoiz ez dituela "serio" hartu azaldu dute. "Hori horrela izanda ere, beti hitz egiteko prest egon gara, eta oraindik ere hala gaude. Dena den, behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo behar izan dugu". Langileen ordezkariek salatu dutenez, egun hauetan mahaitik beraiek jaiki zirela entzun behar izan dute enpresaren arduradunen ahotik: "Mahatik jaiki ginen serio ez gintuztelako hartu".

Joan zen ekainaren 11n erabaki zuten Sammic-eko langileek grebara jotzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dagoelako. Babes handiarekin erabaki zuten langileek grebara jotzea; izan ere, 105 langilek eman zuten grebaren aldeko baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Lehengo astean bi egunetan egin zuten greba; aste honetan, berriz, hirutan egingo dute –gaur, bihar eta etzi–. Egunotan egoera bideratzen ez bada, datorren astelehenetik aurrera greba mugagabera joko dutela jakinarazi zuten joan zen ostegunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide