Badator Uztarriaren XVIII. Pourra

Uztailaren 7an, zapatua, hasiko da 2018ko Frantziako Tourra, eta egun bereko 14:00etan amaituko da Uztarriaren XVIII. Pourra egiteko epea. Aisialdi, Amaia, Auntxa, Erreka, Etxe-Zuri, Intz, Jim Clark, Korrale, Lorea eta Sanagustin tabernetan, Aitzaki Kirolak, Erreka Bike eta Ziklos Beni dendetan, eta Uztarrian bertan egin daitezke apustuak.

Pourra, oso-osorik, webgune honetan jarrai daiteke. Helbidea, hauxe:

Hor daude parte hartzeko arauak eta izen-emate orria, eta datozen egunetan osatzen joango gara, informazio gehiagorekin.

Aurtengo Pourrak aurreko urteetako sistema eta funtzionamendu bera izango du. Bederatzi txirrindulari eta talde bat aukeratu beharko dira, ordenean, eta Tourra bukatzean banatuko ditugu sariak.

Zer egin parte hartzeko

Oso erraza da.

1) Inprimatu izen-emate orria (PDF formatua). Edo, bestela, Aisialdi, Amaia, Auntxa, Erreka, Etxe-Zuri, Intz, Jim Clark, Korrale, Lorea eta Sanagustin tabernetan, Aitzaki Kirolak, Erreka Bike eta Ziklos Beni dendetan edo Uztarriaren egoitzan aurkituko dituzu; hartu handik.

2) Bete hor eskatzen diren datu guztiak. Txirrindulariak aukeratzeko, adibidez, begiratu aurreko urteetako Pourrak!

3) Utzi inskripzio orri hori lehen aipatutako toki laguntzaileren batean, 20 eurorekin batera. Edo, bestela, Uztarrian bertan. Apustuak uzteko epea uztailaren 7ko 14:00etan itxiko da.

4). Eta jarraitu Pourraren eboluzioa, webgune honetan.

Txirrindulariak

Pourrean pelotoi osoko edozein bederatzi txirrindulari har daitezke. Adibidez, sailkapen orokorrean ondo ibiliko direla uste dugunak; edo esprinterrak; mendirako ere, agian, norbait hartzea komeni... Bederatzi txirrindulari, bederatzi soilik. Eta zeinek hartuko dute parte? Tropela.eus-en ikusi.

Sariak

Sariak honako hauek izango dira, Oinarriak atalean azaldu bezala.

1). Jasotako diruaren %30 ((iaz 1.140 euro izan ziren)

2). Jasotako diruaren %20 (iaz 760 euro)

3). Jasotako diruaren %10 (iaz 380 euro)

Gainerako %40, Uztarriari laguntzeko izango da.

Sari gehiago

Horiez gain, aurten ere beste sari batzuk banatuko ditugu (postua zehaztuko dugu, partaide kopurua jakindakoan):

  • Bi lagunentzako afaria.
  • Erreka Bike-n oparia.
  • Ziklos Beni-ren oparia.
  • Aitzaki Kirolak-en oparia.
  • Ardo sorta.
  • Azpeitiko Kirol Patronatuaren oparia.
  • Talasoterapiako 2 lagunentzako zirkuitua.
  • Uztarriaren saria
  • Tiobiboetarako 30 euroko balea.

Sariak San Inazio bezperan, uztailaren 30ean, banatuko ditugu, Uztarriaren tonbolan.

Parte-hartzea urtez urte

Aurreneko Pourra 2001ean izan zen. Orduan beste sistema batekin egin zen lehiaketa. 108 parte-hartzaile izan ziren. Irabazlea, Gorka Beobide. Bigarren Ion Etxeberria, hirugarren Iban Aranbarri.

Hurrengo urtean -2002an-, oraingo sistema hartu zen; alegia, bederatzi txirrindulari eta talde bat ordenean aukeratzeko sistema.

  • 2001: 108 parte-hartzaile.
  • 2002: 83.
  • 2003: 109.
  • 2004. 141.
  • 2005: 179.
  • 2006: 113.
  • 2007: 115.
  • 2008: 116.
  • 2009: 149.
  • 2010: 120.
  • 2011: 135
  • 2012: 136
  • 2013: 156.
  • 2014: 154.
  • 2015: 176.
  • 2016: 180.
  • 2017: 190

Pourraren bukaerako albisteak Uztarria.eus-en

Besterik

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide