Azpeitiko palistak Herriarteko Txapelketa irabazteko atarian gelditu dira

Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketako finala jokatu du gaur Azpeitiak, Donostiaren aurka, Donostiako Altzako pilotalekuan. 11:00etan hasi dira partidak, eta Azpeitiko pilotariek ezin izan dute final handia irabazi: 2 eta 1 nagusitu da Donostia.

Lehen partida, buruz burukoa, Urtzi Lopetegik jokatu du Donostiako Urbietaren aurka, eta 20 eta 17 gailendu da azpeitiarra. Bigarren partida, ordea, binakakoa, galdu egin du Azpeitiak: Eneko Martijak eta Oier Alkortak 9 eta 20 galdu dute Barbuldek eta Gastesik osatutako bikotearen aurka. Hala, azken partidan erabaki da finala. Asier Egigurenek jokatu du Elejalderen aurka, eta azpeitiarrak ez du lortu hura garaitzea buruz burukoan: 13 eta 20 galdu du Azpeitiko pilotariak. Beraz, txapela irabazteko atarian gelditu da Azpeitia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide