Grebari ekin diote Sammic-eko langileek, "hitzarmen duin baten alde"

Uztarria.eus 2018ko eka. 21a, 16:24
Enpresaren atarian agerraldia egin dute langileek eguerdian.

Atzo eta gaur lanuzteak egin ondoren, datorren asterako beste hiru greba egun deitu dituzte. Egoera bideratzen ez bada, uztailaren 2tik aurrera greba mugagabean hasiko dira.

Sammic enpresako langileak bigarren greba eguna ari dira betetzen gaur, enpresa barruko lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dela. Joan den ekainaren 11n erabaki zuten langileek grebara joatea: aste honetarako bi greba egun deitu zituzten –atzokoa eta gaurkoa–, beste hiru datorren asterako –hilaren 26tik 28ra, asteartetik ostegunera–, eta egoera bideratzen ez bada, uztailaren 2tik aurrera greba mugagabean hasiko dira. Sammic 1961ean sortu zen Azpeitian; 2000. hamarkadaren azken urteetan aldatu zen Azkoitiko Basarte industriaguneko gaur egungo egoitzara, Landetako industriagunea utzita. Janariak prestatzeko eta kontserbatzeko edota sukaldeko ontziteria garbitzeko makinak garatzen, fabrikatzen eta saltzen ditu, ostalaritzarako gehien bat.

Aurreko hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen. Aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion langileen batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari, baina ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. "Uneoro proposamena puntuz puntu aztertu eta edozein gairen inguruan hitz eginez akordiora iristeko borondatea" izan dutela nabarmendu dute langileen batzordea osatzen duten ordezkari sindikalek –LABekoak dira bost eta ELAkoak lau–, baina zuzendaritzaren erantzuna ez dela neurri berekoa izan. "Ez du inoiz langileen batzordearen proposamenaren inguruan hitz egiteko borondaterik erakutsi. Berak aukeratutako puntu batzuen gainean bakarrik agertu da hitz egiteko prest", diote zuzendaritzaz.

Azken urte erdian "blokeo egoera gainditzeko saiakerak asko izan diren arren", emaitzarik ez dute eman. Horregatik erabaki zuten langile guztiak batzarrera deitzea. Langileen batzordeak eramandako proposamen bateratua onartu zuten batzar horretan, eta "hitzarmen duin baten alde" grebara joatea erabaki zuten. Babes handiarekin egin zuen aurrera grebarako proposamenak langileen batzarrean: 105ek eman zuten baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Batzarra egin eta hurrengo egunean komunikatu zioten zuzendaritzari greba deialdia. "Oraingoz ez dugu haien erantzunik edo proposamenik jaso".

Krisi aurrekora itzultzea

"Garbi ikusi da langileek hitzarmen duin baten beharra ikusten dutela, eta prest daudela hori lortzeko", diote langileen batzordekoek. Gaur eguerdian enpresaren atarian elkartu dira dozenaka langile, egoeraren berri emateko egin duten agerraldian. Lehen egun honetan "grebaren jarraipena erabatekoa" izan dela azpimarratu dute han bertan ordezkari sindikalek, "inor ez da azaldu lanera".

Galdutako eskubideak berreskuratu zioen pankartaren atzean elkartu dira Sammic-eko langileak, eta hitzarmen berrirako beren proposamena "esaldi horretan laburbiltzen" dela adierazi dute langileen batzordekoek. "Krisiaren aurreko baldintzak berreskuratzea" nahi dute; krisi urteetan "izoztuta" izan dituzten soldatak igotzea da langileen eskaeretako bat, "baina ez gara soldatetaz bakarrik ari", azpimarratu dute. Izan ere, urte zailei buelta emanda, gaur egun enpresa "oso egoera onean" dagoela azaldu dute, "inoizko zenbakirik onenekin", eta hori langileen egoeran islatzea eskatzen dute.