Xuban Peñak ez du jarraituko Eibarko nesken lehen taldea zuzentzen

Xuban Peña entrenatzailea.

Azpeitiarrak talde armaginaren gidaritza uzteko erabakia hartu du hainbat arrazoi tarteko. Josu Larrañaga azpeitiar prestatzaile fisikoak ere kargua utziko du. Eibar taldeak eskerrak eman dizkie Peñari eta Larrañagari, erakutsi duten profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik.

Xuban Peñak (Azpeitia, 1988) ez du jarraituko Eibar futbol klubeko nesken lehen taldea zuzentzen. Denboraldi hasieran hartu zuen azpeitiarrak taldearen gidaritza, eta uzteko erabakia hartu du hainbat arrazoi tarteko. Josu Larrañaga azpeitiarra aritu da talde armagineko prestatzaile fisiko lanetan bukatu berri den denboraldian, eta hark ere ez du taldean jarraituko.

Gaur kaleratu duen oharraren bidez, Eibar taldeak eskerrak eman dizkie Peñari eta Larrañagari, erakutsi duten profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik, eta etorkizunean "zorte ona" izatea opa die klubak.

Eibarko neskek sailkapeneko hirugarren postuan bukatu dute denboraldia, eta zapatu honetan Euskal Herriko Kopako finalerdietako partida jokatuko dute Athletic-en aurka, 17:00etan hasita, Garmendipe futbol zelaian. Taldea utziko badu ere, zapatuko neurketan Peña ariko da taldea zuzentzen.

Bukatu berri den denboraldia hasi aurretik, Peñarekin, Larrañagarekin eta Unai Urbizu Eibarko nesken bigarren taldeko entrenatzailearekin elkarrizketa osatu zuen Uztarria.eus-ek. Honako lotura honetan irakur daiteke solasaldia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide