Errefuxiatuen dramaz eta Europaren jarreraz hitzaldia eskainiko du Ane Irazabal kazetariak bihar

Ane Irazabal kazetaria. (Munoaundi)

Sanagustin kulturgunean izango da solasaldia, 20:00etan hasita. Munoandi elkarteak antolatu du hitzaldia, eta, besteak beste, Europan harrapatuta dauden iheslarien errealitatea, eskuin muturraren jokaera eta giza korridoreak izango ditu hizpide nazioarteko kazetariak. Onintza Segurola kazetari azpeitiarrak gidatuko du saioa.

Ane Irazabal nazioarteko kazetariak hitzaldia eskainiko du bihar, osteguna, 20:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Errefuxiatuen dramaren kronifikazioa eta muga itxien Europa izenburupean eskainiko du solasaldia, eta, besteak beste, Europan harrapatuta dauden iheslarien errealitatea, eskuin muturraren jokaera eta giza korridoreak izango ditu hizpide Arrasateko kazetariak. Onintza Segurola kazetari azpeitiarrak gidatuko du saioa.

Urola Kostako Hitzak Irabazal elkarrizketatu du, eta datozen orduetan izango da irakurgai haren solasaldia Hitzaren webgunean nahiz webgune honetan.

Munoaundi elkarteak antolatu du solasaldia, eta Irazabalena ez da elkarte horrek antolatutako lehena izango; izan ere, Mikel Reparazek eta Jon Sarasuak ere hitzaldi bana eman dute azken hilabeteotan. Gainera, beste hitzordu batzuk ere jakinarazi ditu elkarteak datozen aste eta hilabeteetarako: Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohiaren pentsamendua eta ondare politikoa jasotzen dituen Euskadiko historia politikoa dokumentalaren aurkezpena eta Jon Artano nazioarteko kazetariaren hitzaldia. Horrez gain, udazkenerako hainbat ekitaldi prestatuko du Munoaundik, Euskal Filmotekarekin elkarlanean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide