Sanjuandegiko festak 2018

Ate joka datoz Sanjuandegiko festak

Uztarria.eus 2018ko mai. 28a, 19:54
XJ Auzolaneaneko batzorkideak eta auzotarrak, aurtengo festen aurkezpenean.

Joan den larunbatean Umeen Eguna ospatu ondoren, era guztietako egitasmoez gozatu ahalko da aste honetan. Aurten, gainera, erasoak saihesteko, XJ Auzolaneaneko batzordekideek protolo bat jarri dute martxan.

Umeen Egunarekin batera hasi ziren azpeitiarrak joan den larunbatean Sanjuandegiko festetan murgiltzen. Xj Auzolaneanek azaldu duenez "oso egun polita izan zen begiraleentzat eta umeentzat". Festak, ordea, aste honetan ere jarraituko du, eta, horretarako, antolatzaileek "askotariko eta adin guztietarako" egitarau oparoa antolatu dute guztiek festetaz goza dezaten. 

Festak asteazkenean izango du jarraipena, bertso afariarekin. Saioa Baigera IIko tabernan izango da, 21:00etan, eta txartelak 20 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Afal ondoren, Unai Agirre eta Nerea Ibartzabal arituko dira bertsotan, trikitilariek lagunduta.

Ostegunean, 19:00etan hasita, kantu jiraz eta pintxo-poteoaz gozatu ahal izango dute Sanjuandegira joaten direnek. 21:00etan, berriz, mus txapelketa izango da Ongi Etorri erretegian. 22:00etan, Erein eta Talka musika taldeek kontzertua eskainiko dute Jim Clark eta Garoa tabernen parean; eguraldia txarra bada, aldiz, karpan izango dira kontzertuak.

Ostiralean hasi eta igandera arte, dozenaka ekitaldi izango da Sanjuandegi auzoan. Ostiralean goizean goiz hasiko da festa; izan ere, 09:00etan gosaria eta auzolana izango dituzte, festen antolaketaren azken lanetan laguntzeko. Txosnak 18:50ean irekiko dituzte, eta hamar minutu geroago iritsiko da Mantangorri, 19:00etan. Mantangorrirekin batera helduko dira festaren egun potoloenak auzora, eta igandea bitartean herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango. Hiru egunez, euskal dantzak, zezenak, kontzertuak eta buruhandiak egongo dira, besteak beste. XJ Auzolaneanek aurreratutako egitarau osoa ikus daiteke hemen.

Erasoen aurkako protokoloa martxan

XJ Auzolaneanek "inoiz baino garrantzia handiagoa" eman nahi dio erasoen auziari. Elkarteak adierazi du festetan ez duela inolako erasorik onartuko, eta batzordea osatzen dutenek erasoen aurkako protokolo bat martxan jartzea erabaki dute. 688 74 19 49 telefonora deitzera "gonbidatu" dute erasoren bat ikusi edo jasaten duen edonor. XJ Auzolaneanek adierazi duenez, erasorik balitz, batzordea osatzen  erantzuna "ahalik eta egokien" ematen saiatuko dira. Gainera, nahi duenak txosnan nahiz karpan lanean ari diren lagunengana jo dezakeela ere esan dute. XJ Auzolaneaneko kideek argi azaldu dute: "Ez beti da ez!".