Iñaki eta Ainhoa: zuekin gaude

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2018ko api. 11a, 14:41

Bihar egun gogorra izango da Azpeitian. Iñakik Madrilera joan beharko du, ostegunean Ainhoarekin batera epaituko baitute modu lotsagarrian. Azpeitiko alkatea izan zen Iñaki eta aspaldi ezagutzen dugunok badakigu Iñakik zer nolako baloreak dituen. Ezagutzen ez duzunentzako batzuek aipatu nahi nituzke.

Lehena, zintzotasuna. Inork ez du sinesten Iñakik diru publikoa xahutu, gaizki edo arreta gabe erabili duenik. Azpeitiarrok ezagutzen dugu eta badakigu ez duela horrelakorik egingo, sinpleki esanda, ez delako horrelakorik egiteko kapaza.

Bigarrena, koherentzia da. Iñakik umiltasunetik bere ideiak eta emandako hitza betetzeko ohitura dauka. 2011. urtean herritarrei hitza eman zitzaien, errauskailua ez zela egingo eta hitz hori konpromiso politiko bilakatu genuen. Zailtasunak eta kontrako iritziak asko ziren. Hauteskunde aurretik gauzak lotuta, ongi lotuta, uztea erabaki zutelako batzuek. Herritarrei erabakitzen uztea baino nahiago izan zuten gauzak lotuta uztea. Alternatibak egonda ulertu ezin daitekeen  lotura. Hala ere, herritarrek beste iritzi bat zuten. Justu kontrakoa. Aldundiko gobernuan kokatu zuten Iñaki herritarrek, besteak beste, errauskailua ez egiteko konpromisoarekin. Eta ondoren gertatu zena benetan harrigarria da. Harritzeko erabakia hartu zuten Iñakik eta Ainhoak, eta beste hainbatek. Politikan ohikoa ez den erabakia. Emandako hitza betetzea erabaki zuten. Eta errauskailua gelditzea. Emandako hitza betetzea baitzen gipuzkoarrentzat aukera egokiena. Politikatik emandako hitza bete. Zein sinplea eta zein arraroa.

Eta azken ezaugarri bat aitortzeko, konpromisoa da. Iñakik herri hau maite du. Iñakik herri proiektu batean sinesten du eta horrek eraman du herrigintzara, politikagintzara. Dagoen tokian, izan herrian, izan herrialdean... Iñakik beti konpromisoa erakutsi digu. Gipuzkoa berri bat egin nahi zuen eta egin nahi du, eta horregatik epaituko dute, ordainarazi nahi diotelako Gipuzkoa ederrago bat, Gipuzkoa garbiago bat, Gipuzkoa iraunkorrago bat eraiki nahi izatea. Benetako asmoa abisua ematea delako: ez da posible eraldaketa! Ez da posible politikatik herri hau eraldatuko duen proiektu bat abian jartzea. Bartzelonako datozkigun azken notiziek ere berdina esaten digute.

Zorretan gaude zurekin Iñaki, eta horregatik zu eta Ainhoa ez zaituztegu inoiz bakarrik utziko. Eta orain guri tokatzen zaigu. Ainhoa eta Iñaki pertsonalki babesteko lana daukagu guztion artean, tamainako injustizia honen aurrean ezin dugu gure maitasuna eta errespetua erakutsi gabe gelditu. Eta lan hori ez zaigu ahaztu behar inoiz. Orain eta beti. Iñakiri eta Ainhoari laguntzeko konpromisoa hartu behar dugu guztion artean. Ez ditugu bakarrik utziko. Geure burua traizio egitea bailitzateke. Gure proiektua pertsonetan oinarrituta dago, eta guretzat inportanteena pertsonak dira, Iñaki eta Ainhoa bezalako pertsonak.

Igandean elkar ikusiko dugu Azpeitiko plazan, 12:30ean.