Bisitari ugari dabil egunotan Azpeitian

Batzuk joan eta besteak etorri. Hori gertatzen da opor sasoian batean eta bestean, eta Aste Santuko jaiegunetan bisitari ugari etorri da Azpeitira. Burdinbidearen Euskal Museoak bisitari ugari erakarri du egunotan. Gaur, zapatua, esaterako 400 bat lagun izan dira bertan, eta lurrun trenean Azpeitia eta Lasao arteko ibilbidea egiteko parada izan dute horiek. Herenegun eta atzo jendetza izan zen museoan. Txu-txu trena ere jarri du Azpeitiko Udalak herrigunea eta Loiola lotzeko, eta itzuli batzuk jendez beteta egin ditu trenak. Loiolan dagoen Igarako errotan ere ate irekiak egiten ari dira egunotan, eta dozenaka bisitari izan da egunotan bertan.

Bihar eta etzi ere izango da zer egin Azpeitian. Lasaora joan-etorriak egingo ditu lurrun trenak, 12:00etan eta 17:00etan. Igarako errota irekita izango da bihar 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Astelehenean, berriz, 11:00etan eta 12:00etan egingo dituzte bisitak. Tren turistikoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da martxan. Perez Arregi plazatik aterako da orduro, eta Loiolako basilikaren aurrean geldituko da t’erdietan. Azpeitiko gune turistikoen gaineko informazio guztia honako lotura honetan aurki daiteke.

Hona hemen, Burdinbidearen Euskal Museoko, Igarako errotako eta txu-txu trenaren irudiak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide