Errotak erdoilik ez

Uztarria.eus 2018ko mar. 28a, 17:02
Luis Maria Arregi errotaria eta haren seme Aitor Igarako errotarria pikatzen. (Ainitze Agirrezabala)

Igarako ur errotak oraindik ere ehotzen du alea tartean behin. Haren mantenuaz Luis Mari Arregi arduratzen da. Errotaria gustura dago lanarekin. Harekin hitz egin du Ainitze Agirrezabala kazetariak, martxoko Uztarria aldizkarirako.

Lurdes Iriondoren eta Xabier Leteren Errota zahar maitea abestian jasotzen diren hitzak ondo egokitzen zaizkio Loiola auzoan dagoen Igarako errotari. Zaharra baita, eta maitea ere bai. Ez du garai batean bezala jesuitentzat edo baserritarrentzat alea xehetzen, baina noizean behin martxan jartzen du errotarria, museoa ikustera joandako bisitariei bere jarduna erakusteko. Igarako errotaren mantenuaz eta ate irekiak edo bisitak direnean hura martxan jartzeaz Loiolako Etxearreta baserriko Luis Mari Arregi (Loiola, Azpeitia, 1963) arduratzen da, duela bi urtetatik. Errotara irteerak antolatzen eta jardunaldietan azalpenak ematen, berriz, Azpeitiko Ekoetxeako Itziar Unanue, Ana Arruti eta Edurne Agirre hezitzaileak aritzen dira.

Loiolako Sistiaga errekaren ondoan dagoen Igarako ur errota XVII. mende bukaerakoa da. Irina lortzeko, uraren indarra baliatuz artoa edo garia ehotzen ia lau mendez aritu da bertako errotarria gogotik lanean. Azpeitiko Ekoetxeako langile Itziar Unanueren esanetan, jesuiten garaikoa da Igarako errota. "Mezatan jauna hartzerakoan apaizak banatzen dituen ostiak egiteko erabiltzen zen garai batean. Forma haiek hasieran gari-irinarekin egiten zituzen, baina Espainiako Gerran, gariaren eskasia zela eta, arroz-irinarekin egiten hasi ziren". Igarako errotan xehetzen zen irina beste errotetan ehotzen zena baino "zuriagoa eta kalitatez hobea" zen, ehotzeko orduan azala banandu egiten zutelako. Igarako errota jesuitek ustiatzen bazuten ere, geroago esku pribatuetara pasatu zen.

Urte askotan itxita egon ondoren, 2000. urtean eraberritu egin zuen Azpeitiko Udalak, eta gaur egun Ekoetxearen –lehen Ingurugiro Etxea– eskaintzaren barnean dago. Hala, ikastetxeek, taldeek nahiz elkarteek antzinako errotaren funtzionamendua ezagutzeko aukera dute. Gainera, urtean zehar Igarako errotara ate irekiak ere antolatzen ditu Ekoetxeak, hango jarduna bertatik bertara ezagutzeko interesa duen edonork bisita dezan.

Azken errotariak

Etxearretako aitona eta aita zirenek baserrian zuten garia Igarako errotara xehetzera eramaten zutela eta, etxean pasadizo ugari entzundakoa dela dio Agirrek. Gaur egungo Igarako errotako errotariak adierazi du aita zena-eta beti entzun izan zituela errotaren inguruan hitz egiten. "Beraien istorioak zituzten. Nik geldirik ezagutu nuen errota urte mordoan. Eraikinak atzealdean zulo handi bat zuen, eta gu, mutil kozkorrak, handik begira egoten ginen. Barrua, ordea, botila hutsez beteta egoten zen, eta ez genuen ikusten errotarik. 'Zer da errota?' galdetzen genuen etxean".

Baserri mundutik bizi da Arregi, baratzea lantzetik, hain zuzen ere, eta duela bi urtetatik errotaria ere bada. "Lehengo arduraduna, Jabier Garate –Loiolako Igara baserrikoa– hil zenean proposatu zidaten niri. Loiolatarra naiz, hemengo berri badakit, eta baratzean lanean ari nintzen batean udaleko zinegotzi Aitor Bereziartua etorri zitzaidan baserrira. Lehen ez nuen nahikoa lan etxean, eta beste bat gehiago hartu nuen! Baina, egia esan, poz eman zidan nirekin gogoratu izanak, ez nuen-eta halakorik espero. Eta zer esango dizut, ba, gustura nago eginkizun honekin".

Arregi errotaren mantenuaz arduratzen denez, zereginik ez zaio falta, eta azken aldian, gainera, Aitor semearen laguntza ere badu. "Beti dago hemen zer egina, eta semea lanik gabe dagoenez, biok aritzen gara mantenu lana egiten: ubidea garbitu, errota atzean sasi-garbitzeko makina pasatu... Une honetan, esaterako, errotarriaren burdin batek milimetro batzuetako lasaiera du, eta guztia desmuntatu eta zuzentzen ari gara. Bide batez, errotarria pikatzen ari gara, alea hobeto xehetu dezan eta irina are eta finagoa atera dadin".

Bisita gidatuetan "azalpen askorik ez" duela ematen aitortu du Arregik. "Horretaz Ekoetxeako hezitzaileak arduratzen dira. Haiek aurrez abisatzen didate bisita gidatua zer egunetan den, eta nik ordurako lan guztiak zintzo egiten ditut. Eskola umeez gain, herriko gero eta familia gehiago animatzen da errota bisitatzera. Inoiz errota ikusi gabeak dira, eta hemen, Loiolan, errota bazenik ere ez dakitenak".

Errota hiru zatitan

Igarako errota ezagutzeko bisitak ordu erdi inguru irauten du Ekoetxeako hezitzaile Unanuek aurreratu duenez, eta "aproposa da oso" garai bateko jarduna ezagutzeko; uraren indarra aprobetxatuz garia edo artoa ehotzi eta irina nola lortzen den ikusteko, alegia. Bisitak hiru zati ditu, eta errotaren gainaldean dagoen antapara deritzon ur-deposituan hasten dute saioa. Aurretik, ordea, marrazkiak ardatz dituen argibide-taula baten bidez azalpen labur bat ematen die gidariak bisitariei. Sistiloa errekaren ur-emaria kanal baten bidez errotaren goiko aldean dagoen deposituan biltzen da. Antapara horrek bidetxo bat dauka, deposituak gainezka egingo balu ere uraren maila erregulatzeko.

Gero, bisitariak errotaren behealdera jaisten dira, hango ur-turbinaren funtzionamendua ezagutzeko. Errotariak deposituko ura askatzen duenean, presio handiarekin erortzen da ura, eta turbinan dagoen gurpilaren palak izugarrizko indarrarekin kolpekatzen ditu. Ondorioz, gurpila oso bizkor biratzen hasten da, eta sortzen duen errotazio mugimenduak goiko harria birarazten du, bi elementuak ardatz baten bidez elkartuta daudelako.

Bisita errotaren barruan amaitzen da, bi harriren arteko higadurari esker gari edo arto alearen ehotzetik irina nola eskuratzen den ikusita. Izan ere, errotariak errota martxan jarri ondoren, tobera deritzon edukiontzi batera alea botatzen du. Apurka-apurka, bi errotarriren artera alea erortzen da,  eta bi harrien arteko marruskadurari esker xehetu egiten da. Alea ehotzen joan ahala, irina poliki-poliki errotariak prestatutako kutxa batera erortzen da. Sistema mekaniko baten bidez, errotariak erregulatzen ditu harriaren biratze eta xehetze abiadurak eta irinaren kalitatea edo lodiera.

Urte hauetan guztietan, hamaika bisita gidatu eskaini dituzte Ekoetxeako hiru hezitzaileek, eta naturako fenomeno desberdinak kontrolatu ezinak, pasadizo bat baino geihago utzi die. Unanuek kontatu duenez, Sistiaga errekak urarekin batera ekartzen duen lokatza errotako deposituan pilatzen bada, ubidea oztopatzen du, eta, ondorioz, ezin izaten da errota martxan jarri. Hain zuzen ere, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako ikasle talde bat bisitan etorri zitzaien batean, ezin izan zuten errota martxan jarri lokatza asko pilatuta zegoelako deposituan. Arazo hori sahiesteko, gaur egun depositua zabalik uzten dute, urak bere bidea egin dezan eta antaparan lokatza pilatu ez dedin. Arregik bere aldetik dio bi urteotan ez duela bitxikeriarik izan. "Beno, behin, errotako turbinara jaisteko eskaileretan suge gorri bat agertu zen, eta ume guztiak garrasika hasi ziren".