Teresa Mangas: "Txukuna eta garbia izan behar du erakusleiho batek"

Teresa Mangas berak diseinatutako Petopetue produktuen erakusleihoaren aurrean. (Ainitze Agirrezabala)

Amaren dendako erakusleihoa apaintzen hasi zen Teresa Mangas, eta herriko hainbat saltokitan egin ditu diseinu lanak. Erakusleiho diseinatzailearekin hitz egin du Ainitze Agirrezabala kazetariak, martxoko Uztarria aldizkarirako.

Bezeroa harrapatzeko amua da erakusleihoa, ezta?

Bai, aurreneko kontaktu bisuala da. Bezeroak erakusleihoa ikusita jasotzen dituen sentipenen arabera erabakiko du sartu edo ez.  

Erakusleiho erakargarri batek zer ezaugarri izan behar ditu?

Txukuna eta garbia izan behar du, eta produktua nola aurkezten den garrantzitsua da oso, baita erabiliko ditugun materialak, koloreak eta konposizioak ere.

Eta zer ez da egin behar inoiz?

Dena erakutsi nahiarekin gehiegi bete.

Erakusleihoa zenbatero aldatzea aholkatzen duzu?

Urtean hirutan: udan, neguan eta Gabonetan. Herri bati bizia saltokiek ematen diete, eta zenbat eta erakusleiho politagoak egin, bizi eta ilusio gehiago izango da herrian.

Nondik nora erabaki zenuen erakusleiho diseinatzailea izatea?
Amaren umeentzako arropa dendako erakusleihoa apaintzea gustatzen zitzaidan neska kozkorretan. Gero, Turismo ikasketak egin nituen, baina betidanik gustatu izan zaizkit dekorazioa eta moda. 2006an master bat ikasi nuen Bartzelonan, eta bost bat urtez herriko erakusleihoak diseinatzen aritu nintzen. Laugarrengoz ama izan nintzenean, seme-alaben zaintzara dedikatzea erabaki nuen.

Interneta... zuen konpetentzia al da?

Ilusioa eta gogoa izanez gero, edonork apain dezake erakusleiho bat, hainbat webgunetatik ideiak hartu eta diru asko gastatu gabe eskulanak eginda. Krisiaren eraginez, dendariak beraiek hasi ziren diseinatzen.

Herriko zer erakusleihok deitzen dizu arreta?

Kiribilek oso diseinu politak izaten ditu eta Farmazabalek ere bai.

Zer erakusleiho apainduko zenuke gustura?

Zara bezalako denda handien erakusleihoak apaintzeaz arduratzen diren talderen batean lan egitea gustatuko litzaidake.

Egindako lan guztien artean zein dituzu maiteenak?

Azken aldian, amaren eta beste hainbat lagunen dendetako erakusleihoak diseinatzen nabil. Aneitz arropa dendako erakusleiho asko diseinatu ditut; oso politak, gainera. Amaren dendan ere lan asko eta oso politak egin izan ditut txikitatik

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide