Ezkerreko iztarrean min hartuta da Jon Guridi Realeko jokalaria

Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolaria ez da ari zorte ona izaten Realaren lehen taldean denetik. Belaunean ebakuntza egin eta lesio luzetik errekuperatuta, lehen taldearekin urtarrilean hasi zen entrenatzen, baina berriz ere min hartu du.

Euskarri azpeitiarrak ezkerreko iztarrean traba sentitu zuen joan zen ostiraleko entrenamenduan. Realak jakinarazi duenez, lehen graduko lesioa du azpeitiarrak, eta fisioterapia eta lan zehatzak eginez osatuko du errekuperazioa. Realak azaldu duenez, lesioaren bilakaeraren araberakoa izango da zelaietara itzultzeko beharko duen denbora.

Azpeitiarrak 2017ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian. Orduan, baina, Reala B taldeko jokalaria zen Guridi, eta lehen taldeko hainbat jokalariren faltan, Guridiri tokia egin zion hasierako hamaikakoan Eusebio Sacristan entrenatzaileak. Urtarrilaz geroztik Realaren lehen taldeko jokalaria da azpeitiarra, eta 23. dortsala dauka elastikoan. Realak iazko apirilean 2022ra arte luzatu zion Reala Bn aurretik zuen kontratua.

Uztarriaren martxoko zenbakian, 203.ean, Jon Guridiren elkarrizketa luzea irakur daiteke.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide