Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna

Arte galeria bihurtu dute pasabidea, martxoaren 8aren atarian

Uztarria.eus 2018ko mar. 4a, 21:23

Azpeitiko pasabide bat arte galeria bihurtu dute herriko zenbait emakumek gaur, martxoak 4. Basanderiek asanblada feministak sustatu du egitasmoa Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, eta herriko dozena inguru sortzaile animatu dira beren margolanak kalera eramatera. Erdikalea eta Elizkalea lotzen dituen pasabide estalian zintzilikatu dituzte egindako koadroak.

Historian zehar emakumeen eskubideen alde borrokan aritu diren pertsonak edo "erreferenteak" diren emakumeak marraztu dituzte mihiseetan, eta horiek zintzilikatu dituzte pasabidean. Koadro bakoitzaren azpian testu bana idatzi dute. Margolanean ageri den emakumeak egindako adierazpenak edo pertsona horrekin lotura duten hitzak jaso dituzte.

Koadroak ez ezik, ispilu bat zintzilikatu dute pasabidearen alde batean, "bertatik igarotzen den emakume orok senti dezan bera ere erreferente izan daitekeela".