2019an hasiko dira Esklabetan alokairu sozialeko 45 etxebizitza eraikitzen

Uztarria.eus 2018ko ots. 15a, 17:36
Eneko Etxeberria eta IƱaki Arriola Esklabetako hitzarmena sinatzen, gaur, udaletxean.

Gaur sinatu dute hitzarmena Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Bereziki gazteei zuzendutako apartamentuak izango dira Esklabetakoak.

2017ko urrian iragarri zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Esklaben komentua izandako eraikinean alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak eraikitzeko akordioa lortu zutela. Gaur, akordio hori gauzatzeko hitzarmena sinatu dute udaletxean Iñaki Arriola Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.

Bereziki gazteei zuzendutako 40 metro koadro inguruko 45 bizitoki egingo dituzte Esklabetako erakinaren hegaletako batean, jolastokiaren atzekoan, hain zuzen. Udalarena da Esklaben komentua, eta proiektua gauzatzeko erabiliko den eraikinaren zatia Jaurlaritzari emango dio Udalak, etxebizitzak egin eta Alokabideren bidez kudeatu ditzan.

Aurten idatziko dute proiektua, eta, aurreikusitako epeak betetzen badira, 2019an hasiko dituzte lanak. 3,5 milioitik gorakoa da aurrekontua.

Alokairu eskaera, gora

Esklabetako apartamentuak txandakako erabilera izateko daude pentsatuta; horrela, maizterrak gehienez bost urtez bizi ahalko dira etxebizitza horietan. Arriolak azaldu du era horretako etxebizitzen helburua dela gazteei "emantzipatzeko aukera ematea, 200-300 euroko arrazoizko alokairu baten truke, etxebizitza egonkorrago bat aurkitzen duten bitartean".

Babestutako etxebizitzen merkatuan alokairuko etxebizitzen eskaera gero eta handiagoa dela nabarmendu du sailburuak, jabetzako etxebizitzen kaltetan, baita Azpeitian ere: "Azpeitian 386 pertsona dauzkagu Etxebiden izena emanda. Horietako gehienek, 306k, alokairuko etxebizitzak eskatzen dituzte".

Eskaera horri erantzuteko lanean dihardutela esan du Arriolak, eta Azpeitian azken urteetan ildo berean egiten ari diren ahaleginen berri eman du Etxeberriak. Jaurlaritzaren Bizigune programaren barruan alokatuta dauden 51 etxebizitza hutsekin batera, "Udalak 18 etxebizitza eraikiak ditu alokairurako, eta etxebizitzen alokairuak ordaintzeko beste 74 laguntza eman zituen iaz".

"Esperientzia aitzindaria"

"Eskertuta" azaldu da alkatea Jaurlaritzarekin, etxebizitza sustatzeko "Azpeitian inoiz egin duen inbertsiorik handiena" delako Esklabetakoa. Etxeberria eta Arriola bat etorri dira erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratzekoan, etxebizitza beharrari aurre egiteko.

Era berean, proiektuaren "berezitasuna" aipatu du sailburuak, eraikin historikoa delako Esklabetakoa eta "lehendik zegoen eraikin batean gazteentzako apartamentuak eraikitzen diren lehen aldia" izango dutelako. "Esklabetako eraikin historikoa eraldatzea eta behar berrietara egokitzea garrantzitsua da oso guretzat", gaineratu du alkateak, "etxebizitza eskariari laguntzeaz gain" proiektuaren arlo hori ere goraipatuz. Esklabetakoa "esperientzia aitzindaria" izango dela nabarmendu du.