Karnabalak 2018

Familia osoak gozatzeko festa

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 9a, 11:40
Diskoteka zalez girotuta atera ziren kalera iaz Esteban Campos eta lagunak. (Mailo Oiarzabal)

Astelehen Karnabaleko umeen mozorro desfilean seme-alabekin batera parte hartzen duten gurasoak gero eta gehiago dira. Esteban Campos da horietako bat.

"Mozorrotutako haurren desfilea" bezala iragartzen dute jai egitarauan, eta hala da, berez. Baina gero eta gehiago dira Azpeitiko Astelehen Karnabal eguerdiko kalejiran parte hartzen duten helduak. Gurasoak eta seme-alabak, aiton-amonak ere bai tartean, beren seme-alabekin ateratzen diren lagun kuadrillak… Ehunka lagunek beteko dituzte Alde Zaharreko kaleak datorren astelehenean ere mozorro festa handian.

Taldean ateratzen diren horien artean ez dira falta, era berean, mozorro bat edota gai bat aukeratu eta karroza eta guzti ateratzen direnak ere. Azken urteetan desfilean hutsik egin ez duten talde horietako baten kidea da Esteban Campos (Azpeitia, 1970). Aurten bosgarren aldiz irtengo dira astelehen eguerdiko desfilean Campos eta bere lagunak. "Bost senar-emazte bikote eta zortzi bat ume gara irteten garenak, 2 eta 11-12 urte bitartekoak; hamar ume ere izan ziren, garai batean", kontatu du. Heavyz, arraunlariz, pirataz eta diskoteka zalez mozorrotu izan dira aurreko urteetan. Aurtengorako ere ari dira prestatzen, baina nahiago dute, momentuz, mozorroa isilik gordetzea.

Egindakoak edo utzitakoak

Badira hilabete batzuk karnabaletan zertaz mozorrotu erabaki zutela. "Udazkenean bazkari bat egiten dugu, horixe erabakitzeko aitzakiarekin. Gero, data gerturatu ahala, pare bat zapatutan inguratzen dugu beharko dugun jeneroa. Gurpil batzuk badauzkagu, egur batzuk eta kartoi batzuk inguratu, eta…", azaldu du. Izan ere, mozorro kontuan "erostea eta alokatzea ez doaz gurekin", nabarmendu du: "Gure helburua izaten da, ahal izanez gero, gasturik egin gabe osatzea. Aurten aterako dugun karroza ere ez da 15 eurora ailegatzen. Puntapaxak eta tirafondo batzuk, Gibertenean; horiexek erosi ditugu". Egurrak eta listoiak tailerren batean eskatu, kartoiak beste lantoki batean; horrela egin dute, lagunen artean, aurtengorako karroza. "Ez dago ingeniaria izan beharrik. Mailukadaren bat edo beste hartu hatzen batean, eta aurrera", dio Camposek. Mozorroak ere beraiek egiten dituzte, edo bestek utzitakoak erabiltzen dituzte; astelehen honetakoak utzitakoak izango dituzte.

Zezenarekin nola ezkondu

Desfilean ondoen nortzuk pasatzen duten galdetuta, umeek ala helduek, "geuk hobeto, seguruenez", dio Camposek, baina "umeei ere protagonismo handia" ematen dietela eta haiek ere "oso gustura" ibiltzen direla gaineratuta. Denek neurri berean ez dutela gozatzen ere eman du aditzera, lehen urteko pasartea umorez kontatuta: "Ni ez naiz jendearen aurrean lotsatzen den horietakoa, baina badago bakarren bat asko lotsatzen dena, lehenengo urtean Erdikaletik pasatzeak erreparo handia ematen ziona. Astuna zela karroa, baina, airean eraman zuen ia Erdikalean gora! Orain erlaxatuta dago".

Desfilearen ondoren, heldu eta ume bazkaltzera joaten dira soziedadera, "eguraldia ona bada Ilunpera, eta txarra denean Ardozaleakera". Camposentzat, "pena" da arratsaldean festari jarraipena ezin ematea: "Gertatzen da arratsaldean herrigunean ezin izaten dugula ibili, zezena ibiltzen delako. Ez dut esan nahi zezena kendu behar dela, ezta gutxiago ere; baina bai, agian, beste irtenbide batzuk bilatzea. Izan ere, eguraldi ona egiten duenean, egunpasa eder bat egiteko aukera ematen duenean, erabat mugatzen du zezenak umeekin kalean".