Azoka Plazaren proiektua, Landaola sarietarako hautagai

Uztarria.eus 2018ko urt. 24a, 18:15
Azoka Plaza berritua otsailaren 3an inauguratuko dute, eta otsailaren 1ean banatuko dituzte Landaola sariak.

Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak otsailaren 1ean banatuko ditu lehen aldiz eman behar dituen sariak, "landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz".

Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, I. Landaola Sariak emango ditu aurten, "landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz". Otsailaren 1ean egingo dute sari banaketa ekitaldia Zaldibiako Goizane eraikinean, eta 2017an abian izan diren hiru proiektu sarituko dituzte: erakunde publiko baten proiekturik onena, erakunde pribatu baten proiekturik onena, eta pertsona edo erakunde baten urteetako ibilbidea.

Sari banaketan bertan jakinaraziko dute saridunak zeintzuk diren, baina aurreratu dituzte dagoeneko hautagaiak. Hamar dira guztira, sei arlo publikokoak eta lau arlo pribatukoak, eta horietako bat da Azpeitiko Udalaren Azoka Plazaren proiektua. Erakunde publiko baten proiekturik onenaren sarirako hautagai da Azpeitikoa, eta Oiartzungo, Leintz-Gatzagako eta Tolosako udalen, Itziarko auzo-udalaren eta Urola Garaiko Garapenerako Agentziaren proiektu banarekin lehiatuko da.

Azoka Plaza berrituaren inaugurazio ekitaldia baino bi egun lehenago jakingo du Udalak, beraz, Landaola saria irabazi duen ala ez.