Sansebastianak 2018

Umeek gozatu eta gozarazi egin dute beren danborradarekin

Uztarria.eus 2018ko urt. 20a, 15:31

Beste behin, Alde Zaharreko kaleak jendez bete dira San Sebastian egunaren eguerdirako. Ehundaka izan dira umeen danborradaren ikuskizunaz gozatzera inguratu diren herritarrak, eta danbor-jotzaile txikiek ez diete hutsik egin. Umeen danborrada osatzen duten hamar taldeek, haien desfileari batu zaizkion dozenaka iñude, mikelete, banderadun eta abar txikiek, eta guztien atzetik ibili den karrozak –sokamuturraren 500. urteurrenari eskainitakoa– festa giro ederra jarri dute kaleetan.

Atzo nagusiekin bezala, eguraldia ere dezente portatu da; laino ilunen azpian egin dute danborrada umeek, baina ia bukaeraraino eutsi dio ateri; plazako ekitaldi nagusia egiten ari zirela hasi da euria. Hala ere, gozatu eta gozarazi egin dute San Sebastian eguneko danborrada nagusiaren protagonistek.

Egitaraua

Hauek dira sansebastianak bukatu arte gelditzen diren festa hitzorduak:

  • 16:00-20:00. Haurrentzako jolas parkea, Olazko Andre Mariaren Plazan. Euria bada, Betharramen jarriko dute.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Arno.
  • 23:15. Bandera jaitsi arteko danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
  • 00:00. Banderaren jaitsiera, plazan.
  • 00:30. DJ Kanutto, Sanagustin kulturgunean.

Urtarrilak 21, igandea

  • 12:00. Sokako zezen txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan. Ganadutegia: Bergarako Zezenak. Zezen Beltzek antolatuta.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.