Ari dira 'Bullying-aren mugak gainditzen' jardunaldiak egiten

Goizetik bullying-aren ertz guztiak jorratzen ari dira udaletxeko bosgarren solairuan, UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatutako 'Bullying-aren mugak gainditzen' jardunaldietan. Eneko Etxeberria alkateak, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Eli Moreno jardunaldien antolatzaileak zabaldu dute ekitaldia, eta, ondoren, solasaldien tartea hasi da: Izaskun Orue Sola psikologian doktoreak bullying-a zer den eta zer aldagai dituen azaldu du lehendabizi, eta, segidan, Amigas egitasmoaren arduradun Urko Fernandezek Hiritartasun digital arduratsua eta aktiboa nola sustatu haur eta nerabeen artean hitzaldia eskaini du. Une hauetan, mahai ingurua (irudian) egiten ari dira. Saioan, Maddi Imazek bere ahizpak jasandako jazarpena azaldu du. Horrez gain, Zeuk Esan zerbitzuko Kepa Torrealdeak eta Miren Isasi psikologoak eskaintzen dituzten zerbitzuen berri eman dute; azkenik, Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolako, Azpeitiko ikastola Ikasberriko eta Iraurgi ikastetxeko ordezkariek azaldu dute nola lantzen duten gai hori ikastetxe horietan. Dozenaka lagun bertaratu dira jardunaldietara, eta, eguerdiko etenaren ostean, arratsaldean jarraituko dute, tailerrekin.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide