Irudhitzen lehiaketa

Alberto Belokik irabazi du Irudhitzen lehiaketaren argazkien atala

Uztarria.eus 2017ko aza. 13a, 12:35

Jakinarazi dituzte zein diren II. Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako irudietatik nabarmendu dituzten hamabi argazkiak. Herritarrek, guztira, 67 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horietatik hamabi aukeratu dituzte Juan Mari Ibarzabalek, Gorka Arregik eta Valen Garciak osatutako epaimahaiak. Irudi horiekin 2018ko egutegia kaleratuko du Uztarriak. Lurra, Ura, Haizea eta Sua ziren aurtengo lehiaketaren gaiak.

Aukeratutako hamabi horietatik, Alberto Belokiren irudia nabarmendu du epaimahaiak –Hitzarturen Kriseiluen gauan hartutako irudia–. Horrenbestez, 150 euroko saria jasoko du argazkilari azpeitiarrak. Saritutako irudiaz gain, Belokiren beste lau irudi ere aukeratu dituzte egutegirako. Belokik "pozez" hartu du epaia. Izan ere, iaz ere aurkeztu zen Uztarriak abiatutako Irudhitzen lehiaketara, baina ez zuten bere argazkirik nabarmendu. Aurten, aurkeztu dituen bostak aukeratu ditu epaimahaiak.

Egutegiko gainerako irudiak honako herritar hauenak dira: Iñigo Garcia, Iñigo Olarte, Juan Carlos del Pozo, Javier Bastida, Iñaki Aranburu eta Jon Aizpuru. 

Hemen dituzue ikusgai aukeratutako hamabi argazkiak. 

Hitzen txanda 

Uztarria Komunikazio Taldeak, Kultur Mahaiarekin eta Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean antolatutako Irudhitzen lehiaketak bi zati ditu: irudiena eta hitzena. Behin hamabi argazkiak aukeratuta, horiei hitzak jartzeko txanda da orain. Testuak idatziz parte hartu nahi duten herritarrak hasi daitezke dagoeneko beren lanak bidaltzen. Irabazleak 150 euroko saria jasoko du.

Honakoak dira testu laburren lehiaketako oinarriak: 

  • Pertsona bakoitzak gehienez 5 irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Abenduak 8 izango da testuak bidaltzeko azken eguna, honako helbidera: lehiaketakuztarria@gmail.com.
Miren Gorrotxategi, Xabier Gantzarain eta Alaitz Olaizola arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi aukeratzeaz.