Iñaki Errazkin Igurumen diputatu ohia auzitara eramango du GHK-k, erraustegiaren lanak gelditzeagatik

Uztarria.eus 2017ko urr. 16a, 17:34

GHK-k gaur erabaki du Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakariaren aurka jotzea. Kontratua eteteak sortutako "kalte ekonomikoak" ordainarazi nahi dizkie GHK-k bi arduradun ohiei. EAJk eta PSE-EEk auzitara eramatearen aldeko boza eman dute; EH Bilduk, aurkakoa.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) gaur, astelehena, erabaki du Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakaria auzitara eramatea. Hain zuzen ere, salaketa horren bitartez, 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har dezaten nahi dute GHKren gaur egungo buruek. Gaur goizean egin du batzarra GHK-k, eta han Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren proposamena onartu dute. Horrenbestez, GHK-k Intxaurrandietaren eta Errazkinen aurkako demanda jarriko du Espainiako Kontu Auzitegian. PSE-EEko eta EAJko batzarkideek bozkatu dute agintari ohiak auzitara eramatea, eta EH Bilduko kideek aurkako boza eman dute. GHK-k bihar izango du demanda aurkezteko azken eguna.

Batzarraren ostean agerraldia eskaini du Asensiok, eta hark adierazi du Intxaurrandietak eta Errazkinek "ardura kualifikatua" izan zutela erraustegiaren proiektua gelditzerakoan. Horregatik, GHK-k haien aurka joko du, proiektua gelditzeagatik ordaindu zuten zenbatekoa itzul dezatela eskatzeko. Erraustegiaren proiektua gelditzeagatik hainbat enpresari 8,2 milioi euro ordaindu zizkiotela-eta, diputazioak eskatu die erraustegiaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beren gain har dezatela: diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek.

EH Bilduk Intxaurrandieta eta Errazkin babestu ditu, eta "mendeku bila" aritzea leporatu die EAJri eta PSE-EEri. Koalzioak esan du "herri mandatua betez" jardun zutela bi agintari ohiek, eta epaitegiak "interes alderdikoietarako" erabiltzea egotzi diete diputazioko egungo ordezkariei.