Saninazioak 2017

Ekitaldi jendetsuz betetako arratsaldea izan da saninazioetako azkena

Uztarria.eus 2017ko abu. 1a, 22:01

Nahikoa egin ezinda dabiltza azpeitiarrak eta bisitan etorritakoak aurtengo saninazioetan. Goizeko eta eguerdiko festaren ondoren, bazkalondoan atseden hartu dute gehienek; ez, ordea, Sanagustin kulturgunean jokatu den mus txapelketan izena eman duten 45 bikoteek. Ekitaldi zaparrada etorri da gero, 17:30etik hasita, eta guztietan elkartu du jendetza. Go!azen telesailekoen emanaldiarekin hasi da arratsaldeko egitaraua, Perez Arregi plazan. Umeak eta gaztetxoak izan dira nagusi ikusleen artean, baina guztiak ez dira han bildu, hura bukatzerako hasi baita Ekain Txouren emanaldia plazan, eta han ere ikusle asko batu da. Azpeitiar artistaren saioa bukatuta, Emakumeak Plazara egitasmoaren txanda iritsi da.

Beteta egon da, era berean, Done Jakueko zezenzaleen gunea, eta bertatik bertara dagoen Frontoi Txikia ere halatsu egon da, emakumeen pilota partidetarako.

Azken orduetarako egitaraua

Festaz gozatzeko gogoz atera da jendea kalera, eta horretarako prest dagoenak izango du datozen orduetan ere aukera. Baina azkena izango da, bihar goizaldean bukatuko dira-eta aurtengo saninazioak. Hau da geratzen den egitaraua:

22:00. Passepartout, txosnetan.
23:00. Ekitaldi feminista, txosnetan.
23:30. Gatibu, plazan.
01:00. Egurra ta Kitto, txosnetan.
01:00-03:00. DJ festa Olazko Andre Mariaren plazan.
02:30. DJ Komando Klitorixen kontzertua txosnagunean.

Abuztuak 2, asteazkena

06:00. Incansables txaranga.
07:30. Bigantxak Done Jakuen.
08:00. Gosaria.
08:30. Zumba, plazan.
09:00. Suzirien eta danbatekoen bidez 2017ko jaien amaiera.