Saninazioak 2017

Prozesioa, meza, zezen txikiak, bandaren kontzertua eta Txomingeroen poteoa izan dira protagonistak San Inazio Eguneko eguerdian

Uztarria.eus 2017ko uzt. 31a, 21:07

Atzo, San Inazio bezpera, eguerdian udaletxeko balkoitik herriko dantza taldeetako eta eskoletako ordezkariek jaurti zuten txupinazioarekin lehertu zen festa Azpeitian, eta herri bazkaria, karpagunean jolasak, zezen txikiekin jolasak, zezenketak, kontzertuak eta abar izan ziren eguneko protagonistak. Gaur, uztailaren 31, San Inazio Eguna da, egun handia azpeitiarrentzat. Goizean, 10:15 inguruan, udal ordezkariak korporazioan joan dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara. Han San Inazioren eta Ama Birjinaren irudia hartu dituzte, eta Kepa Susperregi parrokoak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko erretoreak, Jose Migel Arregi jesuita azpeitiarrak eta Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainak hainbat herritarrekin batera prozesioa egin dute. Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Izarraitz Txistulari Taldeak lagundu dute prozesioa. Ondoren, meza izan da parrokian, eta Parrokiko Abesbatzak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak abestu dute. Mikel Arenasek jo du organoa eta Jabier Alberdik gidatu ditu kantariak.

12:30eko kanpaiarekin batera jaurti duten suziriarekin, berriz, entzierro txikia egin dute Elizkaletik Done Jakuera, eta, ondoren, dozenaka gaztetxo jolasean aritu da zezen txikiekin, Done Jakue kalean muntatuta dagoen zezen plazan. Bien bitartean, Sanagustinen jendetza bildu da Azpeitiko Musika Bandaren kontzertuaz gozatzeko. Bestalde, 13:30ean zuten aurreikusita Txomingeroek plazatik abiatuta poteoa egitea, eta Erdikalean hainbat Txomingero ibili da Urolatarrak txarangarekin.

Hona hemen, gaurko eta biharko egitaraua:

15:00. Txomingero bazkaria Erdikalean.
16:00. Gaztetxoentzat parkea, plazan.
17:30. Elektrotxarangaren eskutik kalejira. Eta Oinatz elkarte animalistaren kontzentrazioa, zezen plaza aurrean.
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz Taldeak antolatuta.
18:30. Zezenketa.
19:00. Oria txaranga kaleetan, eta zezenketen ondoren kalejira.
22:00. Autobus Magikoaren kontzertua, txosnagunean.
22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 1. partida: Jon Alberdi-Andoni Aretxabaleta/Elordi-Merino I. 2. partida: Altuna III-Rezusta/Bengoetxea VIII-Albisu.
23:00. Su festa, Caballer (Valencia) etxearen eskutik. Eta Ernairen ekitaldia, txosnetan.
23:30. Huntza eta Patxuko, plazan. Luhartzekin erromeria, Olazko Amaren plazan.
01:00. El Quinto Con Tenedor taldea txosnagunean.
02:30. DJ Bull txosnagunean.

Abuztuak 1, asteartea. San Inazio bigarrena

09:00. Goiz eresia.
10:00. Elkarretaratzea, Loiolan.
10:15. Herriko agintariek ongietorria egingo diete udaletxe aurrean Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko kideei. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako basilikara.
11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Jose Luis Frantsesena organo-jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta. Eta, X. Bakailao Txapelketa, plazan. Bitartean, hamaiketakoa.
12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera.
15:00. Bertso bazkaria, Azoka Plazan. Bertsolariak: Maialen Akizu, Maider Arregi, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi.
16:30. Mus Txapelketa, Sanagustinen. (16:00etan izen-ematea)
17:30. Go!azen dantzatu eta abestera, Perez Arregin.
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz taldeak antolatuta.
18:30. Ekain Txou eta lagunak emanaldia, plazan. Emakumeen eskuzko pilota partidak, Frontoi Txikian. Lehen partida: Maddi Unanue-Naroa Agirre / Maialen Ganzarain-Oihana Orbegozo. Bigarrengo bertso pilota partida: Eneritz Arrieta-Oihana Unanue / Patri Espinar-Alaitz Badiola. Bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Oihane Perea.
19:00-20:30. Kolpez Blai perkusio taldea, kaleetan zehar.
19:00. Emakumeok Plazara ekitaldia eta kontzertu sorpresa plazan.
22:00. Passepartout, txosnetan.
23:00. Ekitaldi feminista, txosnetan.
23:30. Gatibu, plazan.
01:00. Egurra ta kitto, txosnetan.
01:00-03:00. DJ festa Olazko Andre Mariaren plazan.
02:30. DJ Komando Klitorixen kontzertua txosnagunean.

Abuztuak 2, asteazkena

06:00. Incansables txaranga.
07:30. Bigantxak Done Jakuen.
08:00. Gosaria.
08:30. Zumba, plazan.
09:00. Suzirien eta danbatekoen bidez 2017ko jaien amaiera.

Hona hemen San Inazio Eguneko prozesioa, udal ordezkariek korporazioan parrokiara egin duten ibilia, Udal Musika Bandaren kontzertua, zezen txikiekin jolasak eta Txomingeroen poteoa irudietan: