Etxebeltz-Izarran goizaldean lanean aritu izana salatu dute bizilagunek

Uztarria.eus 2017ko uzt. 13a, 15:08

Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi auzoa lotzen dituen zubitik autobusak pasatu ahal izateko hainbat hobekuntza egitea eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horiek egiteko lanean hasi ziren atzo. Baina bart gauean, 03:00-04:00 aldera, obretan aritu direla salatu dute inguruko bizilagunek. Uztarriara honako bideoak helarazi dituzte salaketa horri eta beren hasarreari oihartzuna emateko, eta esan dute "horiek ez direla obrak egiteko orduak eta ezta moduak ere". "Asko gara haserretu garen bizilagunak. Horren jakitun dira udaltzainak, goizaldean bertan dei asko egin baititugu desadostasuna agertzeko", azaldu dute.

Kexaren berri izanda, Udalak azaldu du errepidea margotzeko lanak egin dituztela bart, eta ez obrak. Hain zuzen ere, Udal ordezkariek zehaztu dute "ohikoa" dela lan horiek gauez egitea. "Lanok ez dira beti gauez egiten, baina ohikoa da hala egitea".