Joseba Albizu omendu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko uzt. 5a, 22:53

Azken hilabetean izen handiko bi txapelketa irabazi ditu Joseba Albizu txirrindulariak: BTT Ultramaratoiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen ekainean, eta Europako Ultramaratoia joan den larunbatean. Bi garaipen horiek tarteko, omenaldia egin dio gaur Udalak.

Eneko Etxeberria alkateak bi aldiz eman dizkio zorionak Albizuri; garaipen bakoitzeko, bat. Horrez gain, bihar txirrindulariaren urtebetetze eguna denez, beste behin ere zoriondu du. "Eta zorionak batez ere egiten duzun esfortzuagatik, sakrifizioagatik eta konpromisoagatik. Horrek denak kanpotik begiratuta oso erraza ematen du. Irabazi eta irabazi eta irabazi egin duzula ikusten dugu, eta urte guztian egiten duzun lana ez dugu ikusten. Zorionak benetan, eta segi horrelaxe, gure herriaren izena Europan zein Espainian zabaltzen. Guk segituko dugu txapelak ematen", adierazi du alkateak.

Segidan, Albizuk hartu du hitza: "Poz handia ematen du horrelako sariak jasotzeak. Egia esan, aspaldi ez nuen horrelakorik jasotzen. Azkenean, norberak egin duen sakrifizioa eta lortu dituen lorpenak aitortzeko oso era polita da. Horregatik, Udalari eskerrak eman nahi dizkiot".