Jone Urkizu: "Disfrutatzea eta emaitza on bat lortzea dira nire helburuak"

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 5a, 20:15
Jone Urkizu, II. Kobaz Koba Trail lasterketan. (Olaia Iraola)

Aurten bosgarrengoz egingo duen Ehunmilak ultra-trailean 2014ko denbora hobetzea du helburu Azkoitian bizi den azpeitiarrak. Orduko hartan podiumean izan zen. Aurten bi lasterketa irabazi ditu.

Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuen Jone Urkizuk (Azpeitia, 1979) 2015ean, eta 2014an egin zuen azkenekoz Ehunmilak ultra-traila, podiumeko hirugarren koskara igoz (29:53:19). Aurten, ultra-traila berriro egiteko gogoa egin zaio, eta 2014ko denbora hobetzea du helburu Kulum Sport taldeko kideak. Bosgarren aldiz parte hartuko du ultra-trailean.

Denboraldia nola antolatzen duzu?

Komeni izaten da denboraldia hasi aurretik planifikazio bat egitea. Helburu nagusienak  pare bat edo hiru probatan jarri, eta gero, beste lasterketak prestatzeko edo gogoa daukadalako egiteko, edo beste era batera hartzeko. Egia da, gero, denboraldia aurrera doan heinean, pentsatuta dauzkazun helburu horiek igoal nahi bezala ez direla ateratzen, eta beste proba batzuk egiten direla ondo. Dena den, nik nahiago izaten dut ez inprobisatzea, eta aldez aurretik erabakita edukitzea, plan bat izatea.

Aurten, behintzat, orain arteko probak ondo joan zaizkizu, bi lasterketa irabazi dituzu: apirilean Enkarterri Extrem eta ekainean Gironako El Bastions Ultra.

Justu bi proba horiek ez ziren nire aurtengo bi helburuak, eta ondo atera zitzaizkidan. Martxoan Peñamellera egitera joan nintzen, hori bai zela nire helburuetako bat, baina ez zitzaidan ondo irten. Proba bukatu nuen, baina ez nahi bezain ondo. Hala ere, nik batik bat baloratzen dudana lesiorik ez dudala izan da. Hori hala izatea bakarrik positiboa da, nahikoa da.

Aurten bosgarren aldiz irtengo duzu Ehunmiletan?

Azkenekoz 2014an egin nuen, berriro egiteko gogoa neukan, eta animatu egin naiz. Niretzat Ehunmilak izugarrizko lasterketa da gauza askogatik: antolakuntzagatik, ingurua ezaguna delako eta distantzia luze horretako nire lehenengo proba izan zelako. Berezia da. Antolakuntza oso ona da, detaile denak oso ondo zainduta izaten dituzte.

Azkoitia-Azpeitia ingurutik pasatzen da, toki horietan ibiltzen zara entrenatzeko?

Bai, normalean bai. Izarraitz eta Irukurutzeta aldean entrenatzen dut, baina Hernio aldera-eta gutxiago joaten naiz. Gero, tartean behin, mendi martxak egiten ere saiatzen naiz, pixka bat aldatzeko eta ikusteko lasterketetan nondik nora ibiltzen naizen. Probetarako ere lagungarriak dira mendi martxak.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.