Eman daiteke izena emakumeen sormena bultzatzea helburu duen Artestura lehiaketan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 6a, 13:33

Adierazpide artistiko ezberdinetako lanak aurkeztu ahalko dituzte 18 urtetik gorako emakumeek. Lanak irailaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira. 

Azpeitiko Emakumeen Txokoa Artestura lehiaketako antolatzaileetako bat izango da. Iaz sortu zen Emakume Etxeen Sarea indartzeko asmotan jarri dute abian lehiaketa, eta sarea osatzen duten kideen artean dago Azpeitiko Emakumeen Txokoa. Lehiaketan, adierazpide artistiko ezberdinetako lanak aurkeztu ahalko dituzte 18 urtetik gorako emakumeek. Artestura lehiaketaren helburua da emakumeen sormen eta produkzio feminista bultzatzea, ikusgarri egitea eta aintzat hartzea, artea lanbide izan edo ez. Lanak irailaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira. 

Lan guztiekin Sareko Emakumeen Etxe guztietatik pasatuko den erakusketa ibiltaria egingo dute, eta aurkezten diren lanen artean kalitate handieneko lanak izango dira aukeratuak. Emakumeen Etxeen Sareak programatzen dituen ekintzak emakumeen kontzientzia-hartzea lantzera bideratuta daude, gizarte parekidea lortzeko beharrezkoak diren aldaketak identifikatzera eta jendartearen parte-hartzea eta mobilizazioa sustatzera. 

Lehiaketaren oinarriak eskuragarri daude, hemen.