Abian da Azpeitia Txartelaren sustapen kanpaina berria

Kanpainaren helburua da Azpeitia Txartelari "bultzada berri bat" ematea. Promozio ekinaldi berria urte amaierara bitartean egingo dute, fase ezberdinetan banatuta. Herritarrak izango dira kanpainaren elementu bereizgarria". 

Azpeitiko Udalak, Nafarroako Rural Kutxak eta Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak, Azpeitia txartela sustatzeko hurrengo hilabeteetarako prestatu duten kanpaina aurkeztu zuten atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Sustatzaileek azaldu dutenez,  "promozio kanpainaren elementu bereizgarria herriko jendearen parte hartzea da". Hala, atzoko aurkezpenean izan ziren Azpeitia Txartelaren sustapen kanpainan parte hartu duten herritar batzuk: Mikel Labaka, Miren Gorrotxategi, Pedro Otaegi, Maitane, Oihana eta Ainhoa Goenaga, besteak beste.

Azpeitia Txartelak martxoan argia ikusi zuenetik izan duen bilakaera "positiboari" bultzada berri bat emateko helburuarekin, formatu ezberdinekin osatutako publizitate kanpaina jarri dute Bertanek, Ruralek eta Udalak. Kanpaina hori urte amaiera bitartean egingo dute, fase ezberdinetan.

Guztira 20 herritarretik gora ikusi ahal izango dira Azpeitia Txartela erabiltzearen aldeko mezuak zabaltzen, euskarri ezberdinetan. Banderolak, kartelak eta bideoak aterako dituzte, eta fisikoki kalean edo digitalki Interneten, arlo ezberdinak jorratuko ditu kanpainak.

Aurreneko fasea, martxan

Geurea da leloa eramango du publizitate kanpainaren lehenengo faseak. Banderolak jarriko dituzte herriko zenbait puntutan eta bi bideo zabalduko dituzte sarean: Azpeitia Txartelaren erabilera ezberdinak azaltzen dituen flash formatuko ikus-entzunezkoa eta txartelak igerilekurako sarrera ahalbideratzeko duen aukera jorratzen duena. Aurrerago, herriko saltokietan kartelak ipintzea eta bideo gehiago argitaratzea aurreikusten dute Azpeitia Txartelaren sustatzaileek. Horiek azaldu dutenez, "publizitate ekimen hauekin Azpeitia Txartela eta, batez ere, bere erabilera indartu nahi dira. Izan ere, Azpeitia Txartela geurea da". 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide