Igor San Miguel: "Lagun Onakek erakutsi dit klubaren lehen aukera ni nintzela"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 7a, 17:42
Igor San Miguel. (realsociedad.com)

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiaren entrenatzaile berria da Igor San Miguel. "Proiektu garrantzitsua da niretzat, sekulako gogoarekin noa", dio.

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiaren entrenatzaile berria da Igor San Miguel (Astigarraga, 1974). Hamalau denboralditan Espainiako Bigarren B mailan jokatu ondoren –horietako lau Reala B-n eta sei Real Unionen–, ia hamar urte daramatza entrenatzaile lanetan; gehienak bere herriko taldean, Mundarron, eta azken bi denboraldiak Realaren emakumeen talde nagusiarekin. 2017-2018 sasoian, berriz, Hirugarren Mailan estreinatuko da, Azpeitiko taldearekin. "Proiektu garrantzitsua da niretzat, sekulako gogoarekin noa", dio.

Noiz jarri zen zurekin harremanetan Lagun Onak?

Oraindik liga jokatzen ari ginela izan genuen lehen kontaktua; uste dut aste horretan Athleticen kontra genuela partida. Gu oraindik lehiatzen ari ginen, Erreginaren Kopa ere jokatzeko geunden, eta guztia amaitu arte atzeratu genuen dena. Kopa bukatuta etorri ziren hurrengo pausoak, akordioa lortu arte.

Erraza izan al da akordioa ixtea?

Bai. Uste dut bi aldeok genuela akordioa ixteko gogoa. Pare bat bilera-edo egon dira tartean, baina bion asmoa zen hasieratik adostasunera iristea. Niri lusioa egin zidan Lagun Onaken deiak, eta beraiek ere erakutsi didate lehen aukera ni nintzela.

Jarraitu al duzu Lagun Onaken azkenaldiko ibilbidea? Zer dakizu taldeaz?

Beno, kanpotik jarraitu izan dut pixka bat; azken bi urteotan neskekin egonda, banuen nahikoa lan egunerokoarekin. Baina Lagun Onak historiko bat da, betitik ezagutzen dudana. Badakit zeintzuk egon diren aulkian, Pablo [Turrillas] zegoela, eta gero aldaketa egon zela... Gainetik bada ere, jarraitu izan dut, eta sailkapenaren berri, astero. Orain, pixkanaka, barruko informazioa jasotzea tokatzen zait, bai klubak emanda, bai kanpotik jasota. Urtero pasatzen diren gauzak dira, eta segituan jarriko gara.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.