Hasi dira jolastokia eraberritzeko lanak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain

Uztarria.eus 2017ko eka. 6a, 20:04

Martxan dira Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako eraikinaren jolastokia berritzeko lanak. Euskal Herria kaleko eraikinean, jolastokiaren zati bat altxatzen hasi dira dagoeneko, eta asmoa da datorren ikasturte hasierarako lan guztiak bukatuta egotea. Proiektu osoaren aurrekontua 127.000 eurokoa da.

Lanek bi fase izango dituzte. Aurrenekoan, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dituzte, dauden eskailerak-eta kenduta, eta jolastokiari zati bat erantsiko zaio beheko muturrean. Proiektuaren aurkezpenean Udalak azaldu zuenez, "elementu natural gehiago eta berdeguneak ere izango ditu jolastokiak, ikastetxeak hala eskatuta". Bigarren fasean, berriz,  jolastokiaren elementu berriak ezarriko dituzte, diseinua eta jolasen hautaketa egin ostean. 

Jolastokia eraldatzeko proiektua aurrera eramateko parte-hartze prozesu bat ireki dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, eta joan den apirilean Asmatu faseari ekin zioten Karmelo Etxegaraiko gurasoek. 

(Argazkia: Azpeitiko Udala).