Sanjuandegiko festak 2017

Umeen Egunarekin hasiko dira bihar Sanjuandegiko festak

Festetako antolatzaileek, parte-hartzaileek eta auzokideek aurkezpen jendetsua egin zuten atzo.

Ekainaren 11ra arte luzatuko dira ekitaldiz betetako festak. Mantangorri berritu dute aurten eta gaur zortzi egingo diote hari urteroko ongietorria. 

Bihar, maiatzaren 27an, hasiko dira Sanjuandegiko festak, Umeen Egunarekin. 180 haurrek eman dute izena, eta haiekin batera festan ibiliko dira 50 begirale eta bolondres. Arratsalde partean, murala margotuko dute igerileku atzeko horma batean, Etxerako bidean aske, ez ausart! leloarekin. "Puntu beltz gisa identifikatu den lekuari kolorea jarriko diogu, auzo anitz eta aske bat irudikatuz", azaldu dute antolatzaileek.

Ekainaren 11ra arte, ekitaldiz betetako egitaraua antolatu dute XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo elkarteko kideek. Transexualitateari buruzko hitzaldia, bertso afaria, kantu-jira eta pintxo-poteoa, Mantangorriren ongietorria, gazte afaria, kontzertuak, auzoen arteko erronkak eta gaztetxoen triatloi proba dira, besteak beste, egitaraua osatzen duten ekintzak.

Aurten, gainera, festetako ikur den Mantangorri itxura berrituta iritsiko da Sanjuandegira; Aztia txotxongilogileak, Iban Bergarak, egin du Mantangorri berria. Gaur zortzi, ekainaren 2an, egingo diote ongietorria.

XJ Auzolaneaneko kideek atzo arratsaldeko aurkezpenean azaldu zutenez, "auzoa astintzera gatoz beste urte batez, dantzan jartzeaz gain, parte hartu, hausnartu, eztabaidatu, ondo pasatu eta gozatu egin nahi dugu elkarrekin". 

Egitaraua

Maiatzak 27, zapatua. Umeen Eguna

  • 11:00. Egunaren hasiera
  • 11:30. Jolasak.
  • 13:00. Bazkaria.
  • 16:00. Mural margoketa.

Maiatzak 30, asteartea

  • 19:00. Hitzaldia: Transexualitatea lehen pertsonan. Hizlaria: Xabier Lozano. Txiki Txoko ludotekan. Ondoren, afari-tertulia.

Maiatzak 31, asteazkena

  • 21:00. Bertso afaria, Alaia Martinekin eta Unai Mendizabalekin. Baigera II-n.

Ekainak 1, osteguna

  • 19:00. Kantu-jira eta pintxo-poteoa.
  • 22:00. Mus Txapelketa, Ongi Etorri erretegian.
  • 22:00. Iluntze musikatua: Eztarri Urratuak eta Ekiza.

Ekainak 2, ostirala. Gazte Eguna

  • 09:00. Gosaria eta auzolana.
  • 18:50. Txosnaren eta karparen irekiera.
  • 19:00. Mantangorriri ongietorria.
  • 19:05. Erraldoien kalejira.
  • 21:00. Gazte afaria (aukera beganoa egongo da).
  • 23:00. Erromeria: Kupela.
  • 23:00. Kontzertuak, karpan: Baserriko Ollaxkue Labien, The Potes eta Laket.
  • 02:00. Herriko DJak: Xugua, Jos_U eta Alexander Loop.

Ekainak 3, zapatua. Auzo Eguna

  • 10:00. Gaztetxoen triatloi proba.
  • 10:30. Xake txapelketa herrikoia.
  • 11:00. Judo erakustaldia.
  • 12:30. Bandaren kontzertua.
  • 14:00. Triki-pintxo-poteoa.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 17:00. V. Trikiti Txapelketa.
  • 18:00. Auzoen arteko erronka: Sanjuandegi vs Urrestilla.
  • 19:00. Galdeketatik urtebetera, Prest! mosaikoa.
  • 19:15. Buruhandiak eta RKR elektrotxaranga.
  • 21:00. Parrillada.
  • 23.00. Kontzertuak: Ostertz, Izei eta La Jodedera.
  • Karpan gau-pasa, DJ Elepuntorekin.

Ekainak 4, igandea

  • 05:00. Guatekie.
  • 06:00. Txokolatada.
  • 07:00. Sokamuturra.
  • 08:00. Gaupaseroen jolasak eta argazkia.
  • 09:00. Salda badago!
  • 12:00. Dantzari txikiak.
  • 16:00. Zezen txikiak.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 20:00. Agur, Mantangorri!

Ekainak 10, zapatua

  • 16:30. Mantangorri Saria txirrindularitza proba (Lagun Onak Txirrindulari Elkartea).

Ekainak 11, igandea

  • 11:00. Peruren aldeko III. Elkartasun Krosa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide