Mundua begiratzeko leihoak

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2017ko mai. 9a, 17:50

It’s complicated to explain. Zaila da azaltzen. Halaxe erantzun nion Euskal Herriko egoeraz galdetuta bikote irlandar bati. Izan ere, nola azaldu ingelesez, nahiko arro-tza zaidan hizkuntza batean, gure herrialdeko egoera zertan datzan, euskaraz azaltzeak ere lan dezente ematen digunean?

Gure mugetatik kanpo harrapatu naute gure herriko historian iltzatuta geldituko diren hainbat albistek, eta atzerrian ere sona handia izan duten une honetan bertan, euskalduna izaki, egoeraz mintzatzea egokitu zait. Guztiaz hausnartzeko abagunea izan dut. Beharbada, lehenago atentzio handiegirik eskaini ez nien hainbat kontu birpentsatzeari ekin diot. Distantziak horretan laguntzen duelako.

Distantziak erakutsi dit, ez gaudela erratuta. Kanpotik begiratuta ere, gure herriko bake-prozesuan izan den blokeo egoerak ez du inolako zentzurik. Distantziak erakutsi dit, euskal presoen eta euren familien artean dagoen distantzia laburtzeko euskal gizarteak duen beharra lehen mailako arazo bat dela gure herrian, orain, inoiz baino gehiago, gainera. Distantziak erakutsi dit, edonork egin dezakeela barre gure kontura, baina guk ez dugula besteez barre egiteko eskubiderik, ordainetan irainak jaso gabe. Distantziak erakutsi dit, gure hizkuntza hiriburuetako erakusleiho turistikoetako amu folkloriko bat baino askoz gehiago dela, maite dugula, bizi dugula.

Leihoak gilotinak dira

Ez dago gertutik ikusteko kanpoko leihoetatik begiratzea baino irtenbide egokiagorik. Ez dut Izarraitzeko belazeak ikusteko aukerarik, ezta etxeko atarian umeak euskaraz entzuteko okasiorik izan ere, baina kanpoko mundutik gertuko mundua begiratzeak, ematen du aukera bizi duguna beste ikuspuntu batetik behatzeko. Min egin diezazuke barrua begiratzeak, ikusten duzuna gustatzen ez zaizunean, baina leihoak ez dira errealitatea enkoadratzen duten markoak besterik. Mundu oso bat dugu mugetatik haratago.

Bikote hari azaldu nion Basque country-a administratiboki bi herrialdetan banatzen dela, eta hegoaldeak beste bi zati dituela, beraiek eskuaz airean puzzle inprobisatu arraro bat irudikatzen zuten bitartean. Armagabetzeaz aritu ginen hizketan. Dispertsioaz. Adierazpen askatasunaz eta erabakitze eskubideaz. Euskaraz bizi al nintzen galdetu zidaten. Nik, baietz, baina bazela Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukerarik ez zuenik ere. Nafarroako zonifikazioaz aritu ginen eta Ipar Euskal Herriko elkargoaz, besteak beste.

We don’t understand. Ez dugu ulertzen. Halaxe erantzun zidan batek guztia entzun ostean. Mutu gelditu nintzen. Ezer esan gabe leihotik kanpora begira jarri, eta orduantxe ikusi nuen ikusi beharreko dena. Nork ulertuko ote du, bada, guk geuk ere ulertzen ez dugun egoera bat. Orduantxe konturatu nintzen leku hark bazuela mundua begiratzeko leiho bat, Euskal Herria begiratzeko leiho bat, eta ohartu nintzen nik neuk ere ez nuela ez ingelesez eta ezta euskaraz ere, minutu batzuk lehenago esandakotik tutik ere ulertzen.

(Uztarria aldizkariaren 193. zenbakian argitaratutako iritzia)