Inaxio Uria hiltzea leporatuta, 44na urteko espetxe zigorra ezarri diete Beñat Aginagalderi eta Joanes Larretxeari

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 16:03
Inaxio Uriaren bosgarren urteurrenean egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Uztarria)

Espetxe zigorraz gain, Uriaren alargunari eta seme-alabei 400.000 euroko kalte ordaina ordaintzea eskatu du Auzitegi Nazionalak bi ETAko kideentzat. Joan den martxoaren 28an epaitu zituzten Aginagalde eta Larretxea Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 44na urteko espetxe zigorra ezarri die Beñat Aginagalderi eta Joanes Larretxeari, 2008an Inaxio Uria Altuna y Uria enpresako burua tiroz hiltzea leporatuta. Azpeitian, Loiola auzoan, izan zen atentatua; hain zuzen ere, Altuna y Uria enpresaren bulegoen ondoan. Abenduaren 3a zen, eta ETAk bere gain hartu zuen hilketa 2009ko urtarrilean, "AHTaren lanetan bereganatutako erantzukizunagatik" eta "ETAren zerga iraultzailea" ez ordaintzeagatik hil zuela argudiatuta.

Hilketa terrorista delitua egotzita 25 urteko kartzela zigorra ezarri dizkiete Aginagalderi eta Larretxeari, legez kanpoko atxiloketa terrorista egotzita 12 urtekoa, helburu terroristekin autoa lapurtzeagatik 4 urte eta 6 hilabetekoa eta kalte terroristak eragiteagatik 2 urte eta 6 hilabetekoa. Joan den martxoaren 28an epaitu zituzten Aginagalde eta Larretxea Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Espetxe zigorraz gain, Uriaren alargunari eta seme-alabei 400.000 euroko kalte ordaina ordaintzea eskatu du Auzitegi Nazionalak bi ETAko kideentzat. Epaimahaiaren arabera, Manex Castrok eta hirurek Ezuste komandoa osatu zuten 2008ko abuztutik 2009ko martxora.

Ertzaintzak desegin zuen talde hura. Uriaren hilketa ez ezik, Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketa ere egotzi zieten komando horretako kideei. Hiru lagunak preso daude. Castro lehenago zigortu zuten.