Txapeldunen kopa jasota bete du Sammic ISBk ospakizunen lehen txanpa

Uztarria.eus 2017ko api. 23a, 00:31
Taldekideen familia argazkia, lurrean etzanda, txapeldunen kopa jaso ondoren.

Txapeldunek garaipen berri batekin agurtu dute Espainiako Zilarrezko LEB liga, Seguros Soliss Alcazar Basket 72-67 gaindituta. Emaitza izan da, halere, gutxienekoa, armailak beteta kiroldegira Iraurgikoen igoera ospatzera joan diren zaleentzat. Urrezko LEBera igotzearen ospakizunak bihar borobilduko dituzte Sammic-ekoek, 19:00etan hasita udaletxean egingo dieten harrerarekin.

Sammic ISBk gaur, zapatua, jokatu du denboraldiko azken partida eta irabazi egin du baina, behingoz, horixe izan da gutxienekoa. Izan ere, aurreko asteburuan Avilan lortutako igoera ospatzeko eguna zen gaurkoa, bihar jarraipena izango duen ospakizunaren lehendabiziko hitzordua.

Taldea eta zaleak, denak murgildu dira festa giroan; taldea Seguros Solis Alcazar Basketen kontrako partida bukatu ondoren (72-67), eta zaleak partida hasi aurretik bukaeraraino. 19:00etan, txarangaren musikaz lagunduta, kalejiran joan dira zaletu ugari Balentina Agirre plazatik kiroldegira. Han, taldeak beroketak egiten zituzten bitartean, Iraurgi Saskibaloiko harrobiko neska-mutilak zai-zai zeuden kantxa bazterretan, partida hasi aurretik bi taldeei harrera egiteko prest.

Sammicekoak indartsu hasi badira ere, markagailuan atzetik iritsi dira lehen laurdenaren bukaerara eta, hortik aurrera ere, oso parekatua izan da neurketa. Azkenean, ordea, lortu dute eguna borobiltzea Iker Buenok zuzentzen dituen jokalariek, eta garaipenarekin esan diote agur Espainiako Zilarrezko LEB mailari.

'Urrea gara'

Denek espero zuten momentua iritsi da orduan, txapeldunen kopa jasotzekoa. Horretarako, taldekide guztiek espreski prestatutako elastikoak jantzi dituzte soinean; Urrezkoak gara irakur zitekeen, besteak beste, kamiseta zurietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako, eta Espainiako Saskibaloi Federazioko ordezkarien eskutik eta Iraurgi Saskibaloiko lehendakari Maier Lizasorengandik jaso dituzte kopa txikiak jokalari, tekniko eta laguntzaile guztiek, banan-banan. Leire Ostolazak pare bat bertso kantatu eta bi dantzarik ohorezko aurreskua eskaini ondoren, Ibon Guridi azpeitiar kapitainak eta Gaizka Maizak jaso dute ligako txapeldunari dagokion kopa handia. Txanpaina astindu, argazkiak atera eta bi saskietako sareak moztuta, bukatu da kiroldegiko festa

Ospakizunak, ordea, ez dira amaitu Sammic ISBrentzat. Bihar, igandea, Udalak harrera egingo dio taldeari 19:00etan. Gaur zaleak kiroldegira nola, bihar ere udaletxerako bidea kalejiran egingo dute; 18:30erako jarri dute hitzordua ISBren taberna atarian.