Osinalde sariketako finala jokatuko du Jon Gurrutxagak zapatuan

Uztarria.eus 2017ko api. 20a, 19:26
Zaldibiako kanporaketako irudia. (GITB)

Gabiriako Osinalde elkartean izango da saioa, 22:30ean. Guztira, sei bertsolari ariko dira lehian zapatuko finalean: Jon Gurrutxaga, Unai Mendizabal, Maialen Akizu, Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Maider Agirre. Gurrutxaga Osinaldeko finalera sailkatu den hirugarren urtea da aurtengoa. 

Ate joka dago Osinalde bertsolari sariketako finala. Zapatuan, apirilaren 22an, jokatuko da bertsolari gazteen sariketako azken saioa Gabiriako Osinalde elkartean, eta bertan izango da Erniarraitz Bertsolari Elkarteko Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolaria. Saioaren aurretik afaria izango da elkartean, 20:30ean eta finala 22:30ean hasiko da.

Bertsolari gazteentzat sona handiko sariketa da Osinalde. Guztira, hiru kanporaketatan hamazortzi bertsolarik hartu dute parte, eta handik sei sailkatu dira finalera: Aztirian sailkatutako Aratz Igartzabal (Gabiria) eta Eneko Araiztegi Korta (Segura); Argi Berrin sailkatutako Maider Arregi (Oñati) eta Maialen Akizu (Urretxu), eta Zaldibiako Osinberden sailkatutako Unai Mendizabal (Zizurkil) eta Jon Gurrutxaga.

Aratz Igartzabal da finalisten artean Osinaldeko finala aurrez jokatu ez duen bakarra. Beraz, esperientzia izango da nagusi zapatuko saioan, baita kalitatea ere. 

Joan den apirilaren 8an jokatu zuen kanporaketa Gurrutxagak, Zaldibiako Osinberde Elkartean. Han, bigarren postua eskuratu zuen bertsolari azpeitiarrak, Unai Mendizabal zizurkildarraren atzetik, eta horrekin lortu zuen Gabiriako Osinalde Sariaren finalean aritzeko txartela.

Jon Gurrutxaga 2015ean sailkatu zen aurrenekoz Osinalde sariketako finalera eta orduztik urtero izan da txapelketako finalisten artean. Oraindik ez du sariketako txapela jantzi, baina gogorik ez zaio falta Gurrutxagari.