20. Korrika

Gaztetxoenek hartu dute euskararen aldeko lekukoa

20. Korrika Azpeitira iristeko atarian, herriko gaztetxoenek Korrika Txikian hartu dute euskararen aldeko lekukoa gaur, hilak 4, arratsaldean. Ilusioz eta pozez, 16:00etan ekin diote Azpeitiko ikastetxeek eta Gazteria Sailak antolatutako egitasmoari igerileku aurretik. Handik, anbulatorio ingurura abiatu dira eta ondoren, San Martin egoitza parera, bizkor-bizkor. Artzubiko zubian aurrera, Alde Zaharreko kaleetatik igaro dira, euskararen aldeko festari bukaera plazan emateko. Ibilbidean zehar, guztira zazpi lekuko aldaketa egin dituzte Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Txiki Txoko zein Iturri Txiki ludoteketako haurrek eta hezitzaileek, Korrika Txikia ikustera hurbildu diren dozenaka herritarren begiradapean.

Giro ederrean eta kantuan eman diote amaiera aurtengo Korrika Txikiari, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek lagunduta. Behin betiko, Ikusi mendizaleak eta Gure aberria kantuak abestu dituzte, besteak beste, eta dantzarako tartea ere hartu dute plazan bildu diren lagun guztiek.

Gainerako herritarrek 20. Korrika noiz iritsiko zain gelditu beharko dute, euskararen alde korrika egiteko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide