Amaia Zufia: "Bizitza ona ahalbidetzen duen ekonomia ekarri behar da erdigunera"

Argazkian, Amaia Zufia.

Bizitza erdigunera ekartzeko indar bat dabil hor lelopean, Ekonomia Feminista Foroa egingo dute bihar, 200 emakumen baino gehiagok. Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako foroa 10:00etan hasiko da Sanagustin kulturgunean. Amaia Zufia (Iruñea, 1990) da foroaren antolatzailea.

Zein da foroaren xedea?

Birfundatzen ari da kapitalismoa, eta askotariko krisia bizi dugu. Krisiaren aitzakian, eta herritarren beldurra eta prekarietatea baliatuta, erreforma asko ari dira bultzatzen. Emakumeon bizi baldintzak geroz eta kaskarragoak dira. Argi dago aldaketa behar dela, baina ezaugarritu, norabidetu eta gidatu egin behar da aldaketa hori. Kapitalaren amaigabeko metaketa bizitzaren erdigunetik aldendu, eta bizitza ona ahalbidetzen duen ekonomia ekarri behar da erdigunera.

Urratsa izango da foroa?

2014an aldarrikatu genuen hurrengo urteetarako iparra: Euskal Herriaren burujabetza feminista. Trantsizio feminista behar genuen, herritarron burujabetza bermatuko zuena, burujabetza prozesu desberdinak uztartuko zituena eta herritar desberdinak aske sentitzea bermatuko zuena. Bi erronka jarri genituen: herri ereduari lotutako eztabaida parte-hartzaile nahiz demokratikoa sustatzea eta feministok eragiteko ahalmena izatea. Foroa lehen erronkari erantzutera dator. Ezaugarritu nahi dugu gure herrian bizitza ona izateak zer esan nahi duen, zer urrats egin behar ditugun burujabetza feministara bidean eta identifikatu nahi ditugu feminismotik eraikitzen ari diren erresistentzien eta alternatiben gakoak.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.