Abiatzear da abiaduraren arriskuez kontzientziatzeko 'Bizitzaz blai' egitasmoa

Uztarria.eus 2017ko mar. 22a, 16:17
'Bizitzaz blai' programa aurkeztu dute gaur Azpeitiko eta Errezilgo Udal ordezkariek, 'Stop istrupuak' egitasmoaren arduradunek, auto pilotuek, ikastetxeetako ordezkariek eta auto istripua izan duten hainbat pertsonen senideek.

Apirilaren 4an jarriko dute martxan proiektua, istripu baten eszenaratzearekin. Bertan parte hartuko dute auto istripu baten aurrean paper ezberdinak jokatzen dituzten norbanakoek: suhitzaileek, medikuek edota udaltzainek. Horiez gain, auto istrupua izandako pertsonek edo horien senideek ere euren testigantzak kontatuko dituzte. Ondoren, kontzientziazio kanpaina ikastetxeetara eta gurasoen artera zabalduko dute. 

Autoan edo motoan behar baino abiadura handiagoan ibiltzeak izan ditzakeen arriskuez kontzientziatzea. Hori da Bizitzaz blai egitasmoaren helburua. Errezilgo Udalak ekin zion egitasmoari iazko urrian, azken urteetan herrian auto istripu dezente egon zirela ikusita eta horrekin kezkatuta. Orain, Azpeitiko Udalak Bizitzaz blai egitasmoarekin bat egitea erabaki du, eta elkarlanean abiatu du proiektua, Errezilgo Udalarekin, herriko ikastetxeekin eta beste hainbat elkarte eta norbanakorekin. Tartean, udaltzaingoekin, Harremanak osasun zentroarekin, osasun arloko profesionalekin edo herriko hainbat auto piloturekin.

Abiaduraren gehiegikeriaren ondorioena "gizarte osoari eragiten dion gaia" dela esan du Estitxu Elduaien zinegotziak, eta horregatik erabaki dute egitasmoarekin bat egitea, Azpeitian "prebentzio lana zabaltzeko". Hala, bilerak egiten hasi ziren eragile ezberdinekin, besteak beste, Errezilgo Udalarekin, Harremanak zentruarekin eta Stop istripuak egitasmoarekin. Behin bilkurak eginda, "hiru hanka" izango dituen programa diseinatu zuten, elkarlanean. Ikasleei zuzendutako auto istripu baten eszenaratze egingo dute aurrena, apirilaren 4an, Soreasu antzokian. Bi saio eskainiko dituzte, bata 10:00etan eta 12:00etan bestea. Herritar oro hurbil daiteke saioetara. 

Bertan parte hartuko dute auto istripu baten aurrean esku hartzen duten eragileek: suhitzaileek, medikuek edota udaltzainek. Horiez gain, auto istrupua izandako pertsona batek, eta auto istrupua izandako pertsona baten senideak euren testigantzak kontatuko dituzte. Arantxa Lizaso da Soreasuko oholtzara igoko den pertsonetako bat, eta hark bere semeak istripua izan zueneko bizipenak kontatuko ditu. Egitasmoan parte hartzea erabaki du "beharrezkoa" ikusi duelako. Bestalde, Jorge del Cid pilotuak ere hartuko du hitza, eta haren helburua izango da gaztetxoek bereiztea zer den kirola eta zer den kotxez kalean ibiltzea.

Behin apirilaren 4ko saioa eginda, gaia ikastetxeetara eramango dute, eta hainbat saio eskainiko dizkiete DBH eta Batxilergoko ikasleei. Hirugarren lan lerroa gurasoena izango da, eta horiekin gaia lantzeko hitzaldi bat eskainiko dute aurrerago. 

Abiadura grina apaltzeko

Azken hamar urteetan, 52 istripu izan dira Azpeitian, eta Errezil inguruan bost pertsona hil dira auto edo motor istripuz. 2015. urtea, bereziki "urte gogorra" izan zela esan du Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak, hiru lagun hil baitziren errepidean. Gertaera horien aurrean kezkatuta, "zerbait" egin beharra sentitu zuten Udalean, eta orduan abiatu zuten Bizitzaz blai programa. "Abiaduraren grina apaltzeko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, barruan izan dezakegun abiadura grina askatzeko beste kirol mota batzuk daudela erakusteko. Orduan hasi ginen bilerak egiten hainbat talderekin, eta orduan ekin genion lanketari", azaldu du Agirretxek. Programaren helburuetako bat da hezkuntzatik prebentzioa lantzea, eta istripuen ondorioen inguruan hausnartzea. Hala, dolua bezalako gaiak ere landu dituzte.

Dagoeneko pasatu dira hilabete batzuk egitasmoa martxan jarri zutenetik, eta orain artean "abiaduraren grin hori apaldu" dela ikusi dute Errezilen.

Genero rolak langai

Harremanak osasun zentroko Ana Elosegi arduratuko da, besteak beste, herriko ikastetxeetara gaia eramateaz eta egingo diren saioak gidatzeaz. Errezilgo programan ere parte hartu zuen Elosegik. Hark azaldu duenez, "balorazio oso onak" egin dituzte Errezilgo eskolako ikasleek zein gurasoek. Baina hura eskola txikia dela esan du, HHn eta LHn aritu ziren lanean, eta Azpeitiko egitasmoari ekitea "erronka bat" dela azpimarratu du, DBHn eta Batxilergora sartuko direlako. Modu horretan, Errezilen hasitako bideari jarraipena emango diotela azaldu du Elosegik, "inguruko herri txikietako ikasleak ere Azpeitira etortzen direlako".

Bi orduko saioak eskainiko dituzte herriko ikastetxe guztietan, eta bi neska eta bi mutil joango dira saioak gidatzera. Maskulinitate ereduaren gaia landu nahi dutenez, Elosegik azaldu du, "garrantzitsua" iruditzen zitzaiela profesional bezala mutilak ere egotea. 

Alde batetik, istripu bati lotutako testigantzek emozionalki nola eragiten duten landu nahi dute ikastetxeetan. Bestetik, genero rolak landuko dituzte, eta modu horretan 'ausart izatea' eta 'abiadura' kontzeptuak lotzen dituzten maskulinitate ereduak aztertuko dituzte. 

Bizitzaz blai egitasmoak arrakasta izatearen arrazoietako bat, "hezkidetzatik eman zaion ikuspuntua" izan dela azaldu du Ana Elosegik: "Konturatu ginen Errezilen hildako gehienak gazteak eta mutilak zirela. Horregatik, genero rolen gaia ere landuko dugu". 

Estitxu Elduaien zinegotziak esan du, proiektu hau abiaduraren inguruko kontzientziazioa eta prebentzioa lortzera bidean, "abiatuntua" besterik ez dela, eta jarraipena ematea "beharrezkoa" izango dela. 

Testigantzak, apirileko Uztarria aldizkarian

Egitasmoa hizpide hartuta, istrua izan duten norbanakoen edo horien senideen testigantzak biltzen dituen erreportajea argitaratuko du Uztarriak apirileko aldizkarian.