Errealitate ukaezina

Uztarria herri aldizkariaren martxoko zenbakia webgune honetan ere irakur daiteke dagoeneko, osorik, PDF formatuan (hemen). 192. zenbaki horretatik, legez kanpoko drogen kontsumoaren gainean jorratutako erreportajea ekarri dugu hona.

Droga kontsumoa errealitate ukaezina da gizartean. Legezkoak, legez kanpokoak edo bietatik, gehiago edo gutxiago, ia guztiok kontsumitzen ditugu. Droga kontsumoa 'arazo' hitzarekin lotuta joatea ere oso ohikoa da. Arazoak ekar baititzake –eta ekartzen ditu– drogen neurrigabeko edo kontrolik gabeko kontsumoak, bai legezkoen eta bai legez kanpokoen kasuan. Erreportaje honetan, Azpeitian legez kanpoko drogen kontsumoaren gaia jorratu nahi da, ikuspuntu desberdinak jasota. Kalean entzundakoaz eta ikusitakoaz dagoen pertzepzioaz gain, ordea, Azpeitiko asteburuetako edo egunerokotasuneko kontsumo datu askorik ez dago. Drogak hor egon dira, eta daude; jendeak erabiltzen ditu, eta erabilera horrek ondorio batzuk ekar ditzake.

Drogak aztertzeko zerbitzua

Legez kanpoko drogen kontsumoari dagokionez, eskura dauden datu bakanak dira droga erabiltzaileen eta erabiltzaile ohien Ai Laket!! elkarteak, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin elkarlanean, iazko San Inazio bigarrenean eta santotomasetan jasotakoak. Egitasmoaren xedea da jai giroan dabiltzan erabiltzaileen droga laginak aztertzea, droga erabilerarekin erlazionatutako arriskuak murrizteko.

Ai Laket!!-ek Udalarentzat egindako txostenean jasota dagoenez, bost pertsona aritu ziren lanean; bi furgoneta barruan, erabiltzaileek eramandako laginak aztertzen; eta beste hiru lagun karpan bertan aritu ziren, hurbiltzen zirenei informazioa eskaintzen eta arrisku murrizketarako materiala banatzen. Iazko saninazioetan eta santotomasetan ia 300 lagun joan ziren karpara. Une lasaietan inguruko kuadrilengana ere jotzen zuten zerbitzuaren berri emateko.

Zerbitzuaren bidez, erabiltzaileei erosi duten substantziaren lagin bat hartzen diete, eta hura aztertu ondoren, kontsumitzaileei jakinarazten diete haren konposizioa. Ai Laket!! elkarteak emandako datuen arabera, joan den urteko San Inazio bigarrenean 18 lagin analizatu zituzten, eta santotomasetan, berriz, 21. Azken bi urteetako datuak alderatuta, aztertutako laginen kopuruak behera egin zuen iazko saninazioetan, 23 lagin aztertu baitzituzten 2015ean. Aitzitik, duela bi urteko santotomasetan 10 lagin analizatu zituzten.

Adinari dagokionez, Ai Laket!! elkartearen esanetan, iazko saninazioetan zein santotomasetan, bai karpa gunean eta bai analisi gunean, 25 urtetik beherako gazteak izan ziren nagusi. Generoari dagokionez, berriz, askoz ere gehiago izan ziren mutilak. Analisi gunean soilik %10 izan ziren emakumeak. Elkarteak adierazi duenez, "emakumeek zailtasun gehiago dituzte analisi zerbitzura hurbiltzeko, emakume erabiltzaileengan dagoen estigma eta erabilera isilarazteko joera handiagoa da".

Anestesikoa, albaitaritzan

Iazko santotomasetan, analisi gunean 16 pertsonek eramandako substantzia kimikoak aztertu zituzten, eta beste bost kalamuarekin joan ziren. Ai Laket!! elkartearen esanetan, "azpimarratzekoa" da datu hori. Izan ere, kalamua izan ohi da "substantziarik analizatuena", eta kasu hartan ez zen hala izan. Gainera, kimikoen artean anfetamina izaten da gehien analizatzen duten substantzia, eta 2016ko santotomasetan kokaina –9 lagin– eta ketamina –5 lagin– izan ziren aztertuenak.

Iazko santotomasetan burututako analisien artean ketamina bezala saldutako lagin baten kasua nabarmendu du Ai Laket!!-ek bere txostenean. "Erabiltzaileak ketamina zelakoan erosi zuen, baina lehen testean ikusi genuen ez zela ketamina". Ketamina substantziarekin azken urteetan hainbat alerta argitaratu ditu elkarteak; izan ere, ketamina gisa saldutako hainbat lagin azterketaren emaitzek agerian utzi zuten bestelako konposaketa zutela. "Bestelako substantzia horiek ketaminaren antzeko estruktura kimikoa dute, baina horien eraginak eta arriskuak oso bestelakoak izan daitezke. Arrisku nagusia da eragin ditzaketen ondorioak ezezagunak direla". Iaz, adibidez, ketamina gisa saldutako hainbat laginetan tiletamina substantzia aurkitu zutela adierazi dute. "Gaur egun, tiletamina albaitaritzan erabiltzen da animalien anestesiko bezala. Emaitza jakitean, Azpeitian lagina aztertzera eraman zuen erabiltzaileak adierazi zuen substantzia hura ez zuela kontsumituko. Are gehiago, bere lagina aztertu ostean, beste lagun bat ekarri zuen zerbitzura beste lagin bat aztertzera. Kasu hartan, laginak positibo eman zion ketaminaren printzipio aktiboari". Halako gertaerek "substantzia ilegalekiko arrisku pertzepzioa errealagoa izaten laguntzen" dutela gaineratu du Ai Laket!!-ek, eta zentzu horretan, kudeatzeko orduan planifikazioak eta aurreikuspenak duten garrantzia azpimarratu dituzte.

Iaz, San Inazio bigarrenean 18 lagin aztertu zituzten herrian: hiru haxix analisi, marihuanaren bost, kokainaren lau, anfetaminaren lau (speed-a) eta MDMAren bi. Anfetaminaren eta kokainaren lagin bana laborategira bidali zituztela azaldu dute elkartekoek, bi kasuetan bestelako substantziak ere aurkitu ziztuztelako.

Oro har, Azpeitian eskainitako zerbitzuaren inguruan "oso balorazio positiboa" egiten duela adierazi du Ai Laket!! elkarteak Udalarentzat osatutako txostenean. "Azpeitia herri txikia izanagatik, programak arrakasta izan du, jende askok erabili baitu zerbitzua San Inazio bigarrenean ez ezik santotomasetan".

Legez kanpoko drogak kontsumitu dituzten hiru herritarren bizipenak ere jaso ditu Uztarriak erreportajean:

Testigantza 1: "Paranoiekin hasi nintzen"

Adina. 31 urte. Sexua: gizona.

"16 urterekin hasi nintzen haxixa kontsumitzen. Hasieran, ez nuen asko erretzen, baina 20 urterekin egunean sei-zortzi porru erretzera heldu nintzen; eta asteburuetan hamar bat bai. Adin horretan lanean hasi nintzen, eta baita speed-a, MDMA eta kokaina kontsumitzen ere. Pastillaren bat edo beste ere probatutakoa naiz. Haxixa eta marihuana egunero kontsumitzen nituen; gainontzekoak, asteburuetan. Lana egin eta irabazten nuena xahutzen nuen.

Astebururako generoa prest izaten nuen, ostegun alderako inguratuta. Ostiral arratsaldean lanetik ateratzerako, lankide bat eta biok lantokian bertan hasten ginen kontsumitzen. Zapatu goizean egundoko puestoiarekin joaten ginen lanera, eta lo ez hartzeko segi egiten genuen hartzen. Gero, lanetik atera eta zuzenean juergara joaten ginen. Txitxarron-edo ibili, eta igandea lantokian marrak hartzen pasatzen genuen, musika jarrita. Lo asko egin gabe joaten nintzen astelehenean lanera. Eta astelehena lana bukatu eta tailerretik ateratzeko amorratzen pasatzen nuen, etxera joan, eta afaldu ere egin gabe zuzenean ohera joateko. 

Noiz edo noiz pentsatu izan nuen: 'Hau duk desgastea ekarri behar diguna honek!', baina inguruan lagunak ikusten dituzu hartzen, eta 'beno, ez duk horren txarra izango', pentsatzen duzu. Izaera lasaia dut, eta porruak erretzeak ez zidan urduritasunik eragiten. Speed-ak eta horiek bai, bihotza bizkortzen zidaten. Ostiralean juergan hasi eta jai gauera arte ibiltzen ginen, eta behin, igande gau batean, etxera ailegatu eta sarreran ziplo erori nintzen.  

Esperientzia hura eta gero, diskoteketara joateari utzi nion, lagun giroa ere pixka bat aldatu nuen, eta drogak utzi nituen. Baina marihuana erretzen jarraitu nuen, eta paranoiak izaten hasi nintzen. Egun batean, paranoiengatik liskarra izan nuen lanean, ertzainei eta anbulantziari deitu behar izan zieten ni artatzeko. Orduan jabetu nintzen mendekotasuna nuela. Etxean amak-eta inoiz ez dute jakin izan drogak kontsumitu izan ditudala, baina paranoiekin hasi nintzenean neuk kontatu nien arazoa nuela. Marihuana erretzeak ez zidan onik egiten, eta inongo zentrotara, Gizakia Helburu Proiektura edo kartzelara joan gabe, kostatuta baina ahalegina eginda, gauza izan naiz neure kabuz dena uzteko. Azken porrua duela urtebete erre nuen; speed-a eta MDMA, berriz, duela lau bat urte hartu nituen azkenekoz.

Haxixaren usaina asko gustatzen zait, eta oraintxe gustura erreko nuke, baina nahiko ondo heltzen diot tentazioari. Juerga, berriz, oso noizbehinka egiten dut, hilean behin edo, eta ez dut tentaziorik izaten speed-a eta hartzeko. Tabakoa erretzen dut, puru txikiak ere bai, eta edan ba lejia edo zerbeza. Anbulatorioko osasun mentalean egiten didate jarraipena eta drogek utzitako hainbat ondorio arintzeko sendagaiak hartu beharra ditut. 

Kontsumitzen aritu nintzen garaia luzea eta txarra izan zen. Lagunekin egondako euforia momentuak eman dizkidate drogek, bai, eta barre asko egin dugu, baina ez dakarte mesederik. Lehen lan normalizatua nuen, eta egun lanik ez dut, baina gai naiz eta esperantza dut lanean hasteko. Hobe da drogak lehenbailehen uztea. Orain bizi hobea dut".

Testigantza 2: "Eusten diot tentazioari" 

Adina. 47 urte. Sexua: gizona.

"13 urterekin, Eganen garai haietan probatu nuen aurrenekoz alkohola. Landetako edo Loiolako festak ziren. 15 urterako, ordea, asko edaten nuen, whiskya, Martini botila... Gero, arazo handiak izan nituen drogekin. Denetik sartu nuen: erretzeko txokolatea eta belarra, anfetaminak, kokaina, zaldia, tripiak, pastilla kimikoak eta inhalatzaileak. Arazo handiena heroinarekin izan nuen. Oso garai txarrak ziren, eta galdu egin nintzen. Azkenean, Azkoitiko lagun batek hala esan zidan: 'Edo joaten haiz sendatzera edo ostiatu egingo haut'. Behartuta, 18 urterekin ingresatu ninduten Gizakia Helburu Proiektuan, eta ia hiru urte egin nituen han.

Nire izaeragatik, ezetz esateko ahuldadea beti izan dut. Bakoitzak ditugu geure arazoak, eta horiei aurre ez egitearren, norbere burua ezkutatzeko eta errealitatearekin ahaztu nahi nuelako, babes bezala, edanari ematen hasi nintzen 18 urterekin. 44 urtera arte egunero edan dut. Atera kontuak! Engantxatuta egon naiz, eta autoak gasolina nola, nik alkohola behar nuen. Goizetan dardarka jaikitzen nintzen, eta ezertan hasterako alkohol dosia behar nuen, lasaigarri bezala. Baraurik hiru whisky edan eta azkurarik ez zidan egiten.

Nondik ateratzen nuen dirua? Ez zen lehen drogekin-eta bezala, lapurretara edo trapitxeora jo beharra. Gastu gutxiago du alkoholak, baina, batzuetan, ez duzu dirurik, eta, 'beno, bihar pagatuko diat' esan, eta hurrena dirua duzunean aurreko egunekoa ordaindu, eta beste bi hartu eta...

Edanaren ondorioz, egunerokoan arazo pila bat nituen familian, lanean... Familiak hamar mila aldiz esaten zidan, baina ez nien kasurik egiten. Jabetzen zara min egiten duzula, baina hain zaude hondoratuta, ez duzu indarrik, ez zitzaidan ezer ere axola. Igoal, jaikitzen nintzen goizean 05:00etan halako herritako taberna batera edatera joateko, edo whiskya edo txakolin botila hartzen nituen garajetik, eta badakizu jarrera hori ez dela normala, eta arazoa duzula, baina ez zaizu axola. Gerora, edatea laga ondoren, konturatzen zara zenbat min egin duzun. Zeure buruari lehenen, baina baita inguruko guztiei ere. Eta, noski, jendeak barkatzea kostatu egiten da, askotan zeuk ere ez diozu-eta barkatzen zeure buruari. Baina ezin naiz atzera begira geratu, ezta? Alkoholarena ez da izan lehenbiziko zuloa, beste batzuetatik ere atera naiz, beste batzuk ere azalduko dira igoal, eta berriro hanka ez sartzea da kontua. 

Drogekin bezala, alkoholarekin ere, behartu egin ninduten lagatzera. Gisa hartara ezin nuela segitu, eta bi lagunek eraman ninduten Udaleko Gizarte Zerbitzuetara. Gizakia Helburu Proiektuan ingresatu ninduten berriz, eta asko lagundu didate. Jotzen hasita, ate guztiak jo nituen: apaizarengana joan nintzen, Gizarte Zerbitzuetara, Alkoholiko Anonimoetara ere egunero joan nintzen urtebetez, harik eta kaskarrean sartu arte.
Familiak lotsa sentitu du nirekin, lagunek ere bai, eta neuk ere bai neure buruarekin. Batzuek ez ninduten ikusi ere egin nahi. Baina ez dut orain horretan trabatuta geratu nahi. Pentsatzen dut denok ditugula arazoak, denok ditugula lotsatzeko arrazoiak, barkamena eskatzeko arrazoiak eta barkatzeko arrazoiak. Neure burua oso ondo ezagutzen dut, eta badakit ez naizela pertsona txarra, gaiztoa. Barkatzen didanak ondo, eta lotsatzen dena ba... 

Urtarrilean hiru urte bete dira azken tragoa hartu nuela, eta edateari utzi nionetik etxekoekin harremana ez da etxafuegoak botatzekoa, baina bai garbia. Lehen ez bezala, laguntza eskatzen didate orain, eta nigan konfiantza dutela sentitzen dut. Egunero ahalegintzen naiz besteengan gehiago pentsatzen, eguneroko arazoei aurpegia ematen, beste segurtasun batekin. Eta gauzak garbi. Gezurra asko ibili dut. Gaur egun, nahiz eta mina eragin, nahiago dut egia esatea gezurretan aritzea baino.

Oraindik ere tentazio asko izaten dut edateko. Asko. Azkena orain egun gutxi. Bazkaria genuen, ardoa zegoen mahaian; gero, kopak azaldu ziren, patxarana, whiskya. Baina eusten diot. Batzuetan pentsatzen dut: 'Bategatik ez da ezer ere gertatuko'. Baina nire filosofia da, lehenengoa ez badut hartzen ez dudala azkenarekin mozkortuta bukatu behar. Nahiz eta zenbait momentutan berotuta egon, hotzean pentsatu beharra dago. Indartsu nago, baina errespetu handia diot. Badakit zer den. Badakit zer egin behar dudan. Nire esku dago. Ezin naiz galdu.

Kristorenak harrapatu ditut, baina edanak eman eta kendu didanaz hausnartu, eta txarra gehiago da. Alkoholak markatu egiten zaitu. Bide batera behartzen zaitu. Aukera asko galtzen dituzu. Pertsona baliogarria, azkarra... izan zaitezke, baina edanaren kontra beti galduko duzu. Beti. Alkoholak ondorioak utzi dizkit osasunean, gizarte mailan, emaztearekin... denean.

Nik ez dut esaten alkohola txarra dela. Ez. Alkohola txarra da txarra denean, arazo bihurtzen denean. Eta askori nahigabe bihurtzen zaigu; beste batzuek alkoholarekin ez dute arazoa, jokoarekin dute, egiarekin eta gezurrarekin. Baina kontsumoarekin arazoak dituenari esango nioke bere buruarekin zintzoa izateko, ez engainatzeko norbere burua eta onartzeko arazoa duela. Hortik hasi behar da. Ez dago besterik. Frenoa bota behar da, hausnartu noraino duzun arazoa, zergatik den, eta umiltasunez laguntza eskatu". 

Testigantza 3: "Zentzuz jokatu behar da"

Adina. 43 urte. Sexua: emakumea.

"Lagunartean kalera ateratzen hasi eta, adin horretako gazte gehienek egin ohi duten bezala, 15 urterekin probatu nuen aurrenekoz alkohola. Adin hartan hasi ginen lehen zigarroak erretzen ere, eta, ondoren, haxixa ere bai. 17 urterekin, asteburuetan parrandara ateratzen hasi nintzenean, speed-a kontsumitzen hasi nintzen. Lagun baten bidez lortzen genuen, gurasoen eskupekoarekin. Hasieran, noizik eta behin kontsumitzen nuen speed-a, festetan eta. Baina, 20 urtetik aurrera, 25 urterekin eta, astebururo sartzen nuen.

Izaera irekiko pertsona naiz, jendearekin harremanak izateko ez dut inoiz arazorik izan, baina speed-a kontsumituta sentsazio berriak bizi izan genituen. Gainera, lagunartean hartzen genuen eta 'bidaia' ederrak esperimentatu genituen. Behin, ordea, esperientzia txarra bizi izan nuen kalamuarekin eta tripiarekin. Drogak hartuta mundial pasatu dugu, bai, baina bestelako zoritxarrak ere eman zizkiguten drogek. Kontsumoaren ondorioz, hainbat lagunek bizia galdu zuten, eta momentu haiek benetan latzak izan ziren. 

Ezkondua naiz eta familiako ama, eta gaur egun ere urteko festa egun jakinetan parrandara ateratzen naizenean, kontsumitzen dut droga. Beti kontsumitu izan dut zentzuz, jakinda zer hartzera noan. Seme-alabak hazten direnean ez nago ziur zer mezu emango diedan. Izan ere, gizartean dauden errealitateak dira drogak, baina garrantzitsua da haiei errespetua izatea eta zentzuz jokatzea".  

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide