Turismo sektoreko enpresentzako formakuntza zikloa antolatu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko ots. 1a, 17:22

Iraurgi Berritzenen bidez, marketing digitalaren gaineko hiru saio antolatu dituzte; hiruak, bi edo saio bakarra egiteko aukera eskaini dute. Otsailaren 14an eta 21ean, eta martxoaren 2an izango dira jardunaldiak, goizez, Azkoitiko Intsausti jauregian. Urola Erdian sektorean lan egiten duten enpresei zuzendutako egitasmoa da.

Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako turismo sektoreko enpresei zuzendutako formakuntza zikloa antolatu du Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez. Marketing digitalaren gaineko hiru saiok osatuko dute, Urola Erdian turismo arloan lan egiten duten enpresek Interneten duten ikusgarritasuna eta posizionamendua aztertzeko eta hobetzeko helburuarekin. Sareak eskura jartzen dituen tresna eta aplikazio esanguratsuenak erakutsi, aztertu eta erabiltzen erakutsiko zaie parte hartzaileei: otsailaren 14an Tripadvisor, otsailaren 21ean Google My Business, eta martxoaren 2an Trivago.

Eskualdeko hotel, landetxe, nekazal turismo, aterpetxe, jatetxe, taberna edota bidai agentzietako arduradun eta langileei, eta gida turistikoei zuzendutako egitasmoa da; enpresa bakoitzetik gehienez lagun batek izango du parte hartzeko aukera. Aipatutako hiru egunetan, 09:00etatik 12:00etara egingo dira saioak, Azkoitiko Intsausti jauregian. Izena emateko epea otsailaren 10ean bukatuko da; hiru saioetarako, birako edo saio bakarrerako eman daiteke izena. Saio bakoitzean gehienez hamar parte-hartzaile egon daitezke; saio bakoitzeko izen-ematea 10 eurokoa da, eta izen-emate hurrenkera errespetatuko dute saio bakoitzeko taldeak osatzerakoan.

Izena emateko edo formakuntza jardunaldiei buruzko informazio zehatza eskuratzeko, o jmujika@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi edo 943851100 telefonora deitu behar da.