Langabetuei eta langileei zuzendutako doako ikastaroetan izena eman daiteke oraindik

Uztarria.eus 2017ko ots. 1a, 12:09

Azkoitia-Azpeitia BHIk eskaintzen ditu ikastaroak, mekanika, administraritza, altzarigintza eta informatika arloetan. Hobetuz langileen prestakuntzarako euskal fundazioaren bitartez eskaintzen dituzte eskolak, astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 21:00etara bitartean.

Doako hainbat ikastaro eskaintzen dituzte Azkoitia-Azpeitia BHIn langileei zein langabetuei zuzenduta, eta horietan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Lau arlotan oinarritutako eskolak eskaintzen dituzte, mekanikan, administraritzan, altzarigintzan eta informatikan, hain zuzen.

Mekanikaren arloari dagokionean, marrazketa, tailer konbentzionala, zenbaki kontrola, soldadura eta Autocad ikastaroak eskaintzen dituzte. Administraritza eta informatikan, berriz, zerga kudeaketa, Windows, Word, Excel eta Acces ikastaroak, eta altzarigintzan, zurezko egituren instalazio eskola. 

Ikastaro horiek Hobetuz langileen prestakuntzarako euskal fundazioaren bitartez eskaintzen dituzte astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 21:00etara bitartean.

Azkoitia-Azpeitia BHIko lanbide heziketa sailean, irakaskuntza arautua eta ez arautua eskaintzen dituzte, eta doako ikastaroak irakaskuntza ez arautuaren barruan daude. Hala ere, ikastaro horietako batzuk profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko balio dute. 

Ikastaroen inguruko informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, 943-85 14 08 telefonora deitu edo ez-arautua@urola.org helbidera idatzi behar da.